Pasioak pasio, aukerak beste bidegurutze aurki daitezke bizitzan; batzuetan, lehen urratsa egitea besterik ez dago bide egokia aukeratu dela jakiteko. Beste batzuetan, baina, bestelako bideak dastatu beharra izaten da. Hori gertatu zitzaion Aitor Arregiri (Oñati, 1977), Handia filmaren zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleari: Enpresa ikasketetan murgildurik, zinemaren mundua dastatzea erabaki zuen. Ordutik hona, bide luzea du egina eta sona handiko ikus-entzunezkoetan esku hartu du; hor daude Loreak, Lucio dokumentala eta Handia. Azken hori da kaleratu berri duen lana; eta gaur, egubakoitza, egingo dute estreinako emanaldia.
Zuzendari lanetan jardun duzu Handia filmean.
Hala da. Jon Garañok [filmaren beste zuzendaria] urte asko zeroatzan ikus-entzunezko hau grabatzeko nahiarekin; hainbatetan aurkeztu izan zigun proposamena, baina ez genion baiezkorik eman. Txikitatik izan du Altzoko handia-ren gaineko interesa; haurra zela San Telmora joan zen bisitan eta erraldoiaren ondasunak erakutsi zizkioten: eskularruak, zapataren moldea... Bada, liluratuta gelditu zen. Zinema munduan sartu zenetik, beraz, istorio hori grabatzeko ideiarekin dihardu. Azkenean, era erakargarrian aurkeztu zuenean eman genion baiezkoa. Prozesua ireki genuen, beraz. Gainera, Andoni de Carlosen gidoiarekin egin genuen topo, gaiaren gaineko animaziozko pelikula eraikitzen ziharduela; ideiak uztartu genituen.
Ikus-entzunezko bat grabatzea ez da egun batetik besterako kontua.
Ez. Proiektuaren irteera-puntura heltzeko hiru urte egin behar ditugu atzera; orduan sortu genuen gidoia. Ordutik hona, dena den, moldatuz joan da, gidoiak bere ibilbidea baitu: proiektuak aurrera egin ahala, moldatu beharra dugu sarri. Eta aurre-produkzio faseari ekin genion 2015eko urrian; grabazio eremuak aztertzea edota casting-ak egitea izan genuen zereginen artean. Bada, horren ostean etorri zen grabazioa. Bi hilabete baino gehiago iraun zuen, eta ez zen lan makala izan: XIX. mendea eta erraldoi bat sortu beharra izan genuen istoriorako. Euskal Herria eta Katalunia artean jardun dugu grabatze fasean. Bestetik, aipatu beharra dago grabatzeari besteko inportantzia ematen diogula ostekoari: edizioari; probaz eta akatsez beteriko fase konstantea da hori.
Londres ere bisitatu duzue lan berriarekin. Zelako esperientzia izan da?
London Film Festivalen izan ginen joan den astean. Sona handiko festibala da, ikus-entzunezko asko eskaintzen dituena. Bada, hiru bider eskaini genuen filma, euskaraz, ingelesezko azpitituluekin; bertan eskaintzeko aukera izatea garrantzitsua da guretzat, lanak nazioartean izan dezakeen harrera ezagutzeko bidea baita. Sarri, lan bera ez da berdin pertzibitzen toki guztietan; Londresen eta Donostian jaso ditugun feedbackak nahiko parekoak dira, dena den.
Oro har, gustura kritikekin?
Askotariko kritikak izan ditugu; normala, zinemak iritzirako eskaintzen duen abanikoa aintzat hartuta. Orokorrean, oso pozik gaude filmak izaniko harrerarekin; duela hilabete galdetuz gero, sinatuko nuen halako kritikak ziurtatuko zituzkeen kontratua. Orain artean, kritika on gehiago izan ditugu txarrak baino. Beraz, ikus-entzuleen gustukoa izan dela nabari dugu. Kontuan izan behar dugu, gainera, Donostiako Zinemaldiaren bi aitortza jaso zituela Handia-k: epaimahaiaren [atzerriko adituz osaturikoa] sari berezia zegoen horien artean. Ikaragarri poztu gintuen horrek. Bestetik, datu moduan, aipatu beharrekoa da ikus-entzunezkoak balorazio hobea izan duela Madrilen eta Bartzelonan Euskal Herrian baino.
Donostiako Zinemaldia, Londresko festibala... gailurrean zaude?
Neu ez naiz gailurrean sentitzen. Urte askoko ibilbidean nagoen sentsazioa nagusitzen da niregan, eta, gaur, urrats berri bat eman dudan sentsazioa, besterik ez. Egia da oso pozgarria dela Handia Donostiako Zinemaldiko ikus-entzunezkoen zerrendan egotea, baina jakin badakigu hurrengo egitasmoa kanpoan gera daitekeela. Hankak lurrean ditugu, eta lana ahalik eta hobekien egin gura duen pertsona talde bat besterik ez gara. Taldean jarduteak ere horretan laguntzen du, gainera; errealitatetik aldentzea galarazten digu, esaterako. Gauzak horrela, esan dezakegu unean uneari begira dihardugula.
Umea ere izan zinen. Zer da Indiana Jones zuretzat?
[Barre] Txikia nintzen garaian ez zegoen Internetik, eta bideo aparailuak agertu berri zeuden. Oñatin, gainera, ez zegoen zinema eskaintza zabalik. Bada, Santa Anako zinema ireki arte, kultura etxeko aretoan VHS pelikulak eskaintzen zituzten, estreinalditik urte eta erdira, gutxi gorabehera. Han ezagutu nuen Indiana Jones, El templo maldito filmarekin; zinema mota horrekin eta ikus-entzunezkoaren protagonistarekin maitemindu nintzen. Alegia, identifikaturik sentitu nintzen Indiana Jones-ekin: ez du borrokatu nahi –eta ideia horrekin dabil, ahal duen bitartean–, hauskortasun handia du eta umorerik ez zaio falta, besteak beste. Bada, asteetan errepikatu nituen eszena haiek nire irudimenean. Hala, zinema gustuko nuela konturatu nintzen. Beraz, esan daiteke urte haiek eragina izan zutela niregan; Indiana Jones-ez gain, 80ko hamarkadako bestelako abentura filmak ere oso gustuko nituen –Regreso al futuro, tartean–. Horietan legoke gaur egun dudan pasioaren hazia.
Eta, zer da zinema?
Galdera zaila da erantzuten. Oro har, nire hitzen gainetik dagoen zerbait dela esango nuke; duda barik, asko maite dudana. Hipnotizatu egiten nau begira nagoenean, eta orduak egon naiteke filmak ikusten. Bestalde, uste dut zinemak pertsona egin nauela, asko lagundu dit nire heziketa emozionalean. Munduaren bueltako ikuspegia aldatu dit, tartean. Gainera, esan daiteke gizakiak egunero duela istorioak kontsumitzeko beharra, izan errealak edo fikziozkoak. Nire kasuan, zinemak eta liburuek betetzen dute funtzio hori.
Dena den, Enpresa ikasketak burutu zenituen.
Jende askori moduan, 18 urte nituela, ez nekien benetan zer gura nuen. Alegia, banekien zinema mundua ikaragarri gustatzen zitzaidala, baina ez nuen argi ea horretan jardun gura nuen. Garai hartan, modan zeuden Enpresa ikasketak, eta izena eman nuen. Ez naiz hautuaz damutzen. Asko ikasi nuen, eta nireganaturiko jakintza baliagarri zait egungo jardunean.
Baina pasioak hor irauten omen du, ezta?
Hala da. Sarobe zinema eskola zegoen Urnietan. Hala, zinemaren mundua ezagutzeko nahiak bultzaturik, bertan izena ematea erabaki nuen; Enpresa ikasketen azken urtean nengoen. Beraz, zinema eta Enpresa ikasketak tartekatu nituen urte hartan. Urnietako zinema eskolan pasatzen nituen goizak eta Oñatiko Enpresa Fakultatean arratsaldeak. Urte zoroa izan zen, baina ez naiz erabakiaz damutzen, orduan ezagutu bainituen egun bazkide ditudanak. Besteak beste, kurtsoa amaitzean, ikus-entzunezko laburrak egiteko taldea sortu genuen: Moriarti. Bizirik dago proiektua.
Gaur-gaurkoz, irteera-puntu haren zantzurik bada, orduan.
Esan bezala, garai hartan sorturikoa da Moriarti Produkzioak –Handia filmaren ekoizleen artean dagoena–. Bestetik, orduko filosofiari heltzen saiatzen gara, besteak beste, ardurak tartekatuz. Alegia, normalean, bakoitzaren zeregina aldatu egiten da egitasmo bakoitzeko. Niri, esaterako, gidoilari eta ekoizle lanetan jardutea egokitu zitzaidan Loreak filmean; oraingoan, bestalde, zuzendari lanetan ibili naiz.
Zein da Morartiren egunerokotasuna?
Moriartin ez dago errutina finkorik. Urteak zeresan handia du. Bilerak egiten ditugu tarteka, egitasmo ezberdinen inguruan jarduteko. Interesgarri iruditzen zaizkigunak, bestetik, zenbait tokitan aurkezten ditugu –Eusko Jaurlaritzan eta telebista kateetan, adibidez–. Hori bai, proiektu bat aurrera ateratzeko, lau izan behar ditugu martxan; bat eroriz gero, beste bati heltzeko. Moriartiren egunerokotasunean, bada, martxan dauden egitasmoak kudeatzea eta garatzea da helburua. Ekoizpen etxeko kideon artean banatzen dira martxan dauden proiektu horiek.
“Kultura garestia da, baina kulturarik eza garestiagoa”, adierazi zenuen.
Kulturalki aberatsa den gizarte batek asko du irabazteko. Zailagoa da indartsu dagoen sozietate bat engainatzea. Egia da kultura garestia izan daitekeela, baina ez beste alorrak baino garestiagoa. Hori horrela, inbidia ematen dit Frantziako ereduak, besteak beste, ez dagoelako kulturara bideratzen den diru publikoaren inguruko eztabaidarik; horiek Espainiako Estatuak baino askoz diru kantitate handiagoa inbertitzen dute, gainera. Kultura maila izugarria dute, eta etengabea da hori lantzeko duten nahia. Gobernuak gobernu, gainera, Frantzian bere horretan irauten du kulturarekiko errespetuak.
Hizkuntzari gagozkiolarik, bestetik, honako hau azaldu zenuen: “Istorioak erabakitzen du zein hizkuntzatan grabatu behar den”.
Handia filmean, Altzoko anaia batzuen kasua azalarazi beharra izanda, euskaraz jardutea da naturalena. Dena den, bestelako hizkuntzak ere erabili izan ditugu gure egitasmoetan. Esaterako, bi ahizparen kasua azaltzen dugu El método Arrieta ikus-entzunezkoan: gazteleraz egiteko tendentzia zegoen euren inguruan; beraz, hizkuntza hori aukeratu genuen proiektua grabatzeko. Finean, ahalik eta modu naturalenean azalarazi behar duzu istorioa; istorioak determinatzen du hizkuntza.
Lan berriari dagokionez, bestalde, iritsi da zuzendariarentzat egun handia; gaur estreinatuko duzue filma. Urduri?
Oraingoz, ez oso urduri. Filmak ikus-entzuleen artean duen harrera ikusteko gogoz gaude. Egia da Donostiako Zinemaldiko erreferentzia dugula, baina ez du zertan errealitatearen benetako isla izan; beste mundu bat da. Gainera, inguruko hainbat zinematara joango gara, ikus-entzuleekin egotera. Oso garrantzitsua da jendearekin aurrez aurreko harremana izatea, filmak eurengan piztu duena ezagutzeko. Euren ekarpenak ere lagungarri zaizkigu aurrera begira. Oraindik, dena den, zehazteke ditugu hitzorduak. Ibarreko zenbait zinematan izango naizela besterik ezin dezaket esan.
Azken egitasmoa estreinatu gabe, jarriak zarete aurrera begira. Proiektu berria duzue esku artean. Azal egiguzu.
Gerra zibilaren osteko urteetan Andaluzian gertaturikoa azalaraziko duen ikus-entzunezkoa dugu esku artean; zehatz esanda, satorrak izango dira protagonistak. Hau da, gerra amaituta, etxean gorde zen jende asko, frankistak atzetik zituztela. Etxean gordeta 30 urte iraun zuenik ere bada. Hala, hori izango dugu jorragai, fikziozko pelikula bidez azalarazia. Andaluziako ekoiztetxe batek proposatu zigun egitasmoa; beraz, eurekin elkarlanean egingo dugu. Gaia interesgarria iruditu zitzaigunez, bitan pentsatu gabe eman genuen baiezkoa.