Dagoeneko bere lekua egiten ari da Egun Morea Oñatin. Izan ere, aurten zortzigarrenez egingo dute aldarrikapen feminista duen festa hori.
Antolakuntzako kide Arantzazu Sagarzazuk adierazi duenez, "ondo pasatzeko eta disfrutatzeko" eguna izaten da Egun Morea, "festa giro feministan" igarotzekoa eta "aldarrikapen feministak azaleratzekoa".
Egitarauari dagokionez, azken urteetan egin izan duten Frontefeminista frontenis txapelketarekin hasiko dute eguna–10:00etan–. Bikote mistoek edo emakumeek osatutako bikoteek hartzen dute parte, eta kiroldegiko pilotalekuan izango da. "Arrakasta handia izan du orain arte, kanpotik ere etorri izan da jendea parte hartzera, eta aurten ere hala izango da", azaldu du Sagarzazuk.
Horrekin batera, eta ordu berean, Neskalada eskalada txapelketa egingo dute, berrikuntza modura. "Frontefeminista txapelketaren arrakasta ikusita, aurten beste apustutxo bat egin nahi izan dugu eta Neskalada txapelketa antolatu dugu", dio Sagarzazuk. Hori kiroldegiko gimnasioan izango da, eta hamar parte-hartzaile inguru ariko dira boulderrean.
Bukatzean, poteoa egingo dute, kiroldegiko tabernan hasita, eta 14:30ean bazkaria egingo dute gaztetxean. Bazkalostean, Atzoko ogixa umore ikuskizuna egongo da, Sagarzazuren beraren eta Maite Aizpurua zumaiarraren eskutik, eta gauean kontzertuak izango dira. DJ Bolloren emanaldiarekin emango diote amaiera egunari. Arrano tabernan izango da hori, 01:00etan.