Jaietan udaltzainen zerbitzua gauetara luzatzea eskatu dute jeltzaleek

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 21a, 12:46

Jaietan udaleko kale hezitzaileen zerbitzua indartzea ere eskatu dio EAJko udal taldeak Udal Gobernuari. Baita urtean zehar sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko ere.

EAJko udal taldeak bidalitako prentsa oharrak jasotzen duen moduan, herriko guraso talde bat harremanetan jarri da eurekin "jaietan gazte eta nerabeen alkohol eta beste sustantzien kontsumo ohituren inguruan euren kezka azaltzeko". Kezka hori aintzat hartuta, "alkohola eta beste sustantzien kontsumo eta salmentak ekiditeko adingabekoei zuzendutako prebentzio eta babes neurriak hartzeko" eskatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari.

Helburu horrekin festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea proposatu du EAJk; baita, "beharrezkoa denean", zerbitzu horren osagarri gisa Ertzaintzaren laguntza eskatzea ere. "Herriko taberna eta auzo-festa batzuetako txosnetan adingabekoei alkohola saldu zaiela adierazi digute gurasoek, baita adingabekoak alkohola zerbitzatzen egon direla ere. Bi ekintza horiek legez kontrakoak badira ere, kezkagarriena da alkohol eta beste sustantzia batzuen kontsumoa gazte eta nerabeengan gero eta goiztiarragoa dela”, diote jeltzaleek. Ildo berean, "adingabekoei zuzendutako ekintzak alkohol kontsumoa edo salmenta arriskua ez dagoen lekuetan egitea" eskatu diete gurasoek.

Jeltzaleek udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzearen eskaera "prebentzio, babes eta disuasio-neurri gisa" proposatu badute ere, "helburu du baita ere adingabekoei alkohola eta beste sustantzia batzuk saltzeko debekua bete araztea". “Gaur egun udalerri ugari dira horrelako ekintza eta neurriak hartzen dituztenak eta hori da, hain zuzen, udal gobernu taldeari eskatu dioguna: Oñatin ere aspalditik dagoen kale-hezitzaileen zerbitzua indartzea eta bide batez, bi zerbitzuak, udaltzaingoarena eta hezitzaileena, uztartzea”.

Era berean, sentsibilizazio eta prebentzio arloari lotuta, "gurasoen kezka aintzat hartuta", adingabekoei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio kanpainak proposatzen jarraituko dutela gehitu dute jeltzaleek prentsa oharrean. “Gazte eta nerabeekiko esku-hartzeak prebentzio-izaera eta asmo hezigarria izan behar du eta gaiari etengabeko jarraipena eman behar zaio. Gaur egun Gipuzkoako udalerri askok gauzatzen dituzte horrelako kanpainak eta herriko gurasoek gaiarekiko duten kezka dela eta, ezinbestekoa da Oñatin ere ohitura eta jokabide osasuntsu eta arduratsuak sustatzea, nerabe eta gazteek festaz eta aisiaz goza dezaten”.

Oñatiarrengandik jasotako kezka eta proposamenak gobernuari helarazi eta planteatzen jarraituko duela ere adierazi dute jeltzaleek, “zinegotzi gisa hartutako konpromisoa betetze aldera orain arte bezala jarraituko baitugu lanean”. Bukatzeko, EH Bilduren gobernuak gurasoek egindako eskaerak aintzat hartzea espero dutela  adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak