Emaitza ez da lasterketa bakarraren fruitu. Lan handia daroazue soinean?
Sergio Gil: Urte osoko lanaz gain, azken urteetan ikasitakoaren eta pilatutako esperientziaren ondorio dela esango nuke. Nota sistema hobetzeko kurtso bat egin genuen. Lurgaineko rallyetan, ibilbideko notak hartzeko, behin bakarrik pasa gaitezke bertatik. Horregatik, garrantzi handia du nota onak egitea, gero, lasterketako lehenengo erlojupekotik hasita, konfiantzaz eta erritmo onaz joan ahal izateko.
Oro har, nola joan da denboraldia?
Unai Arregi: Oso ondo. Orain arte egin ditugun sei rallyetan helmugara iristea lortu dugu. Zorionez, autoan ez dugu matxura handirik izan, ezta kolperik ere, eta hori da guretzat saririk onena, rallyaz disfrutatu ostean autoa osorik etxera eramatea bueltan. Horri esker, oso erregularrak izan gara txapelketa osoan zehar, eta hau izan da txapelketa lortzeko gakoetako bat. Los Arcosen hasi genuen txapelketa, apirilean, maiatzean Cintruenigon jokatu zen bigarren hitzordua eta uztailean Ultzaman hartu genuen parte. Aurreko asteburuan, berriz, azken proba jokatu genuen Baños de Riojan.
Nola prestatzen da halako txapelketa bat?
U.A.: Rallyen denboraldia azaroan bukatzen da eta martxoak arte dagoen geldialdia aprobetxatzen dut autoa errebisatzeko eta, aukera izanez gero, hobekuntzaren bat egiteko. Lan hauek guztiak nik egiten ditut, libre dudan denbora apurra aprobetxatuz, Antzuolako baserrian dudan txokoan. Gero, denboraldiko lehen proba gerturatzen denean, nota sistema pixka bat lantzen dugu, lasterketa egunean freskoago edukitzeko, eta zirkuitura joaten gara autoa probatzera, lasterketa erritmoa hartzeko.
Beti izaten da lasterketa kutunen bat...
S.G.: Zaila da bat aukeratzea, baina urtero gogo eta ilusio handiz hartzen dugu Nafarroan, Los Arcosko zirkuitu inguruetan, egiten den rallya. Espainiako Lur Gaineko Rally Txapelketarako puntuagarria da, eta, normalean lehiatzen garen beste probekin konparatuta, luzeagoa da. Hemen 90 kilometro inguru izaten ditugu erlojuaren kontra hiru tramu ezberdinetan banatuta, eta beste rallyetan 30 kilometro inguru.
Zenbat urte daroazue bikote gisa. Nola jardun duzue orain arte?
S.G.: Aurtengoa batera egin dugun laugarren urtea izan da. Unai 2012an hasi zen; kuadrillako beste lagun bat ibili zen bi urtez kopilotu lanak egiten, eta denbora faltagatik utzi behar izan zuenean hartu nuen nik haren lekua. Orain arte, inguruetako probintzietan gustukoen genituen lur gaineko rallyetan lehiatzen ibili gara, txapelketa bat osorik jarraitu gabe. Aurten, Euskadiko Automobilismo Federazioak Euskadiko Lur Gaineko Txapelketa antolatzea erabaki zuen, eta, horretarako, Nafarroako eta Errioxako lau rally puntuagarri aukeratu zituen.
Aurrera begira, zer?
U.A.: Datorren urtean lur gaineko rallyetan jarraituko dugu parte hartzen auto berarekin, baina helburu nagusia lagunekin konpartitzen dugun afizio honetaz disfrutatzen jarraitzea da. Aurtengoa berriz lortzea zaila izango da. Lur gaineko rallyez gain, seguruenez, asfaltoko rallyren bat edo beste ere egingo dugu; modalitate hori probatzeko gogoz nago.