Errezeta zaharretik datoz Oñatiko bizkotxo berriak

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 20a, 15:13

Pastelen tamainakoak dira bizkotxoak

1833ko agirietan irakurri dute Oñatiko bizkotxoaren berri eta errezeta lortuta, prestatzen ari dira orain Antton Azpiazu txokolategilea eta Raul Fernandez gozogilea, Artixa elkartekoekin batera. Gaur, eguaztena, eramango dituzte kultura etxera probatzeko, 19:00etan.

Herritar gehienak Oñatiko Bizkotxoaren berri ez dutela onartzen du Txokolateixiako Antton Azpiazuk, baina agiri zaharretan irakurri dute horren berri eta Oñatin egiten zela ere entzun izan zioten herritar batek edo bestek euren aitajaun-amandreei.  "Benito Perez Galdós-en De Oñate a la Granja idatzian jasotzen da gozo honen berri eta baita sasoi hartako Bilboko errezeta liburu batean ere. 1849an Oñatira etorri zen Gereka txokolate lantegiko nagusiak ere egiten zituela gogoratzen zuen haren ilobak eta Maribi Arregik ere gogoan du Hankaluzenian nola saltzen zuten, poltsatxoetan, bizkotxoa egiteko osagaiak", azaldu du Azpiazuk.

50 gramo

Informazioa hori guztia batu eta gozoa errekuperatzeko lanean hasi zen Azpiazu Artixa elkartekoekin batera. "Bizkotxoa Oñatikoa izanda, garbi ikusten genuen Oñatin egin eta saldu behar genuela eta hala, Aizpeko madalenak egiten dituen Raul Fernandez gozogile oñatiarrarekin jarri ginen harremanetan. Ideia gustatu eta proiektuan sartu zen", du gogoan Azpiazuk.

Oñatiko Bizkotxoa ez da, baina, etxean egin ohi diren bizkotxoen moduko tamainakoa, pastelen tamainakoa baizik. "Bizkotxoa hitza bera pluralean agertzen da agiri guztietan, beraz, ulertzen da txikiak zirela. Eta guk ere horrelakoak egingo ditugu, 50 gramokoak. Eurak sartzeko kaxak ere egin ditugu".

Osagaiak hiru baino ez dira: arrautzak, irina eta azukrea. "Baina kontserbantea ere sartu behar zaie, denboran gehiago irauteko, eta horretan ari gara orain. Kontserbanteak naturalak izango dira, limoi azala kasu. Ron pixka bat ere botako diogu, baina gustua emateko izango da hori, labera sartzean alkohol guztia galdu egingo du-eta. Kontua da ahalik eta hezetasun txikiena izatea lortu behar dugula, beste propietate guztiak galdu gabe noski, eta horretarako proba asko egin behar ditugu", dio Antton Azpiazuk.

Eguaztenean

Gaur, hilak 20, erakutsiko dute Oñatiko Bizkotxoa jendaurrean. Kultura etxean izango da, 19:00etan. Artixako kideak, Azpiazu bera eta Fernandez izango dira hitzaldian bizkotxoari buruzko azalpenak emango dituztenak. Baita Lauren Busca ere. "Bizkotxoaren jatorria bilatzeko lanean egin genuen topo Buscak eta biok. Osasun arazoak tarteko ikertzeari utzi zion hark eta nik jarraitu nuen bidea. Baina eguaztenean bera ere egongo da", aurreratu du Azpiazuk.

Hitzaldiaren amaieran Oñatiko Bizkotxoak emango dituzte probatzeko eta entzuleen iritzia jasotzeko. "Herritarren iritzia jakitzea asko interesatzen zaigu. Gura dugu jakitea, adibidez, azukre gehiegi ote duen, edo kanela bota behar ote diogun... Hori guztia kontuan hartuko dugu eta esperimentatzen jarraitu. Gabonak alderako izango dugu behin betiko errezeta", dio Azpiazuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak