Hirigintzako erabakien garrantziaz jabetzeko egitasmoa

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 20a, 17:36

Udaleko eta Dunak enpresako ordezkariak egitasmoaren aurkezpenean (Argazkia: Kontzejupetik)

Azken 20 urtetan herriko hainbat toki zelan aldatu diren ikusiko da 'Oñati zana, dana' erakusketako argazkietan. Hiri Antolaketaren Plan Orokorra lantzen hasiko da udala eta hori girotzeko fasea izango da. Irteerak eta tertuliak ere egongo dira.

Hiri Antolaketaren Plan Orokorra egingo du udalak baina horrekin hasi aurretik "hirigintza gizarteratzeko" ahalegina egin gura du, Irati Etxeberria hirigintza zinegotziaren esanetan. "Hirigintzan hartzen diren erabakiak asko aldatzen dute orain arte ikusitako paisaia edo ingurua eta horixe erakutsi gura dugu jarriko dugun erakusketan".

Erakusketa urriaren erdia alderako egongo da prest eta sei astez egongo da ikusgai. 1934tik 2016ra bitartean herrian izan diren hirigintza aldaketak ikusiko dira, herrigunean zein auzoetan. Argazkiak eta planoak ikusiko dira panel erraldoietan. Gainera, Antixena parkean txoko bat egokituko da hirigintzari buruzko hausnarketa egiteko. "Banku batzuk jarriko ditugu solasaldietarako", zehaztu du Etxeberriak. Horrez gain, irteerak ere egingo dituzte. "Herriko lorategi ezkutuak ikusiko ditugu. Errekaldetik parrokiako klaustroraino herria errekan behera zeharkatzeko asmoa ere badugu eta baita arkitekto batzuekin egon eta berba egiteko adibidez, azken urte horietan onerako zein txarrerako egon diren aldaketei buruz". Irteera horien abiapuntua Antixenan egokituko duten topagunea izango da. Informazio honekin esku orriak banatuko dira etxez etxe eta egingo dena ikus entzunezko baten jasoko dute.

HAPO

Oñati zana, dana egitasmoa Dunak enpresarekin egingo du udalak eta Hiri Antolaketaren Plan Orokorra girotzeko izango da. Plana bera udalak eskuartean duen proiektu garrantzitsuenetako bat da eta lizitazio prozesuan dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak