Oñatiko pakistandar etorkinen integrazioa aztertu duen tesia aurkeztu da

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ira. 18a, 15:13

McKeen tesia aurkeztu ostean buruan txapela duela (Argazkia: IISJ).

Pakistandar etorkinen kasua eta Oñatin integratu diren modua aztertzen dituen tesi lan bat arrakastaz aurkeztu da gaur goizean Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundean. Tesia Oñatiko Udalaren beka baten laguntzarekin egin da.

Pakistani Immigration and Integration in the Basque Country: a Case Study of Oñati ikerlana aurkeztu du gaur Patara McKeen LSNEko master ikasle kanadarrak. Bere ikerlana Oñatin bizi diren etorkin pakistandarrei egindako elkarrizketa pertsonaletan oinarritu da. Besteak beste, identitatea, hizkuntza gordetzeko eta transmititzeko joerak eta jarrerak, legedia, europarrek –eta oñatiarrek– etorkinenganako dituzten jarrerak, genero rolak landu ditu McKeen-ek.

Aurkezpenaren amaieran, entzuten zeuden ikasleengana zuzendu da McKeen, eta esan die Oñati eta bertako Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea "leku bikainak" direla lege soziologian lehenengo pausoak emateko. Gaineratu du bere ikerkuntzak eta Oñatin egonaldiak "ikertzaile eta pertsona hobea" izaten lagundu diotela.

Oñatiko International Institute for the Sociology of Law-tik adierazi dutenez, jende "dezente" joan da defentsa entzutera; tartean, "McKeen-en Oñatiko lagunak, eta baita Oñatira iritsi berri diren aurtengo master ikasleak eta LSNEko zenbait arduradun ere". Horiez gain, Udaleko zinegotzi Irati Etxeberria eta Hezkuntza teknikari Iñaki Akizu ere bertan izan dira. Izan ere, tesia Oñatiko Udala Grant bekari esker garatu ahal izan du McKeen-ek.

Vincenzo Ferrari (LSNEko zuzendari zientifikoa ere badena) eta Dolores Morondo irakasleek 'B' nota jarri diote tesiari. McKeen gazteak onartu du "oso urduri" zegoela eta pozik hartu du epaia eta epaimahaiak eman dion txapela. Ikerlana argitara emateko asmoa agertu du gainera.

Erlazionatuak

Oñati ardatz duten bi ikerketa-lan aurkeztuko dira

Itziar Larrañaga Sarasola 2017 ira 13 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak