Oñati ardatz duten bi ikerketa-lan aurkeztuko dira

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ira. 13a, 07:55

Bi master tesien egileak.

Oñatiko Udala Grant ikerkuntza-bekari esker, Soziologiako Nazioarteko Erakundean masterreko bi ikaslek beraien tesi lana bukatu ahal izan dute. Ikerketa-lan horiek Oñatin kokatuta daude eta herrian bertan aurkeztuko dira irailaren 18an.

Oñatiko Udalak emandako ikerkuntza-bekari esker burututako master tesiak bi dira; batetik, Pakistani Immigration and Integration in the Basque Country: a Case Study of Oñati izenburua, eta bestetik, La política urbana y la regulación de la vivienda en Oñati (2007-2016). Biek Oñati herria dute oinarrian, eta Oñatiko Udalak ematen duen 4.000 euroko beka -Oñatiko Udala Grant- jaso zuten. Kasu honetan, beka esleitu zuen epaimahaiak bi proiektu jo zituen interesgarritzat eta biei erdi bana esleitzea erabaki zuen, otsailean.

Hilaren 18an, astelehena, 11:30ean, LSNEko nazioarteko masterreko ikasle eta Oñati Research Forum (ORF) taldeko sortzaile Patara McKeen kanadarrak Pakistani Immigration and Integration in the Basque Country: a Case Study of Oñati izenburua duen master tesia aurkeztuko du. McKeen-en esanetan, Oñati "aparteko herria" da dauzkan berezitasunengatik, eta "barne-lotura" estua duten komunitateek osatua. Jendarte horretan etorkin pakistandarrek bere burua nola kontzeptualizatzen duten aztertu du ikasleak. Egun berean, 20:00etan, Francisco Vértiz irakasle eta abokatu argentinarrak, bekaren beste onuradunak, La política urbana y la regulación de la vivienda en Oñati (2007-2016) izeneko hitzaldia egingo du, Institutuan bertan. Hitzaldi horretan, tokiko gobernuak hirigintza erregulatzeko ezarritako mekanismoak eta Oñatiko etxebizitza-merkatuan azken hamarkadan horiek izan dituzten eraginak azalduko ditu Vertizek.

Bestalde, Nazioarteko Masterraren ikasturte hasiera ere egun berean egingo dute, irailaren 18an. Aurtengo programan ere herrialde askotako ikasleek hartuko dute parte: Erresuma Batua, Herbehereak, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Australia, Kolonbia, Kanbodia, Polonia, Puerto Rico, Georgia eta Brasil.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak