Bi urteko lanaren ostean, irailaren 22tik aurrera salgai egongo da liburua, 12 eurotan, Arrano tabernan eta Altuna estankoan, eta idazkiaren aurkezpena, berriz, urriaren 20an egingo dute, Antixena gaztetxean.
Zer azaltzen du liburuak?
Ideia bat egiteko, 180 orrialde ditu eta hiru ardatz ditu. Ardatz nagusia da Borda-k ETA erakundearen barruan egin zuen militantziaren –1971tik 1977ra– gaineko kontaketa zehatz bat. Ardatz nagusi horri bi gehitu dizkiot: batetik, Oñatin gai honi buruz eskuratu ahal izan dudan informazio guztia, bi aldeak kontuan hartuta: atxilotuak, torturatuak, atentatuak, eta abar. Bestetik, gaur egungo munduaren martxaren inguruko nire iritziak sartu ditut. Beraz, nahaspila bat da.
Zerk eraman zaitu liburu hau idaztera? Nondik sortutako ideia da?
Borda ezagutu nuenean, ikusi nuen arantza bat sartuta zuela, zerbait kontatzeko beharra zuela nabaritu nion. Eta, apurka-apurka, liburu bat idaztearen ideia sortuz joan zen, nik kazetari lanak egin eta berak garai hartako kontuak kontatu. Hala ere, hasieratik azpimarratu izan dit bere belaunaldi osoa deskribatuko zuela, bera protagonista izan gabe, nahiz eta kontakizun gehiena berari buruz den.
Dokumentazio lana ere eskatuko zizun liburu honek, batez ere, bigarren zati horretarako?
Hori da. Batetik, testigantza zuzenen bitartez lortu dut informazioa, elkarrizketak eginda. Gero, egunkarien hemeroteketan eta liburu batean ere batu dut informazioa.
Nolakoa izan da prozesua?
Esan bezala, elkarrizketa bidez egin dut. Gauza bati buruz hitz egiten hastean, beste bat agertzen zen, eta, hariari tiraka, garai hartako erretratu bat lortu dudala esan nezake; nahiko zehatza, gainera.
Liburuan jasota dagoenetik, zer nabarmenduko zenuke?
Euskal Herrian pasatu dena ez da jolasa izan, gogorra izan da, eta memoria historikoaren arloan gauza batzuk lantzeko daude. Hau da, kontaketa zehatz bat egin beharko genuke lehenik, iritzia eman aurretik.
Zer-nolako esperientzia izan da liburu hau idaztea?
Idazketa prozesua oso zaila izan da niretzat. Terreno berri bat zen niretzako, eta hasieran errazak zirela uste nuen gauza askorekin topo egin dut. Hainbat esaldirekin borrokak izan ditut. Baina, aldi berean, esperientzia aberasgarria izan da; izan ere, gauza asko ikasi ditut. Harri bat jaso eta gauza pila bat agertzea bezala izan da. Ezagutzen ez nituen kontu ugari ezagutu ditut, Oñatin gertaturikoak. Uste dut belaunaldi eten bat egon dela, eta transmisio bat egin beharko da.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai, gustura geratu naiz, baina iruditzen zait guztiz itxi gabeko lan bat izan dela. Informazio batze bat izan da, eta gauza asko geratu dira jaso gabe. Lehen esan dizudan moduan, memoriaren arloan gai asko daude jorratzeko eta sakontzeko.
Zein, adibidez?
Liburu hau idazterakoan, deskubritu dut Oñatin 1960ko hamarkadan Cabra izeneko talde baten mugimendua egon zela, ETAren gaian garrantzi handia izan zuena, eta uste dut badagoela zer kontatu gai horrek eman zuenarekin. Hala ere, nik ez dut uste idatziko dudanik; beraz, beste bati gonbidapena egiten diot, animatu dadin horri buruz idaztera.