Jose Ignacio Munilla gotzainaren predikua, gaur, Arantzazun

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 9a, 16:02

Arantzazu 2017

Atzo, Maria Birjinaren Jaiotza egunez, tokian-tokiko Amaren jaia ospatu zen herri askotan: Koruko Ama Donostian, Guadalupe Hondarribian, Izaskun Tolosan, Arrate Eibarren eta abar. Abuztuaren 1ean, bezperan parrokietan gure zaindaria ospatu ondoren Loiolako Santutegian bildu ohi garen moduan, Arantzazun biltzen gara Mariaren Jaiotza ospatu ondoren irailaren 9an, gipuzkoar guztion zaindari den Ama ospatzeko: Arantzazuko gure Andre Maria.

Ondo dakigu ez dela “Ama Birjina” bat besterik: Nazareteko Maria, Jaunaren Ama. Amaren izen asko, ospakizun asko izatea ez da Jesusek gurutzetik emandako eginkizunari erantzun nahiaren agerpena besterik: “Horra hor zure semea!”; baita Amarenganako gure maitasuna adierazteko modua ere, Jesusek ikasle maiteari esandako hitzei erantzunez: “Horra hor zure Ama!”.

Arantzazuko Andre Mariak, Jesusen ama eta gure ama denak, gure herriaren historian parte hartzen du, baita gure familien historian eta gutako bakoitzarenean ere Jainkoaganako gure erromesaldian. “Espirituzko ezkontza” baten amandre dugu: Jainkoaren eta gizakiaren, Jainkoaren eta gizadi osoaren arteko batasunaren amandre, babesle.

2017. urtean Maria Fatiman (Portugalen) agertu zeneko mendeurrena ospatzen ari gara; 1917an gertatu zen hori: Europa Gerra Handian murgildua eta Errusia Iraultzaren hasieran, une historiko kritikoan hain zuzen ere. Jainkoa lagun, elizbarrutiko erromesaldia izango dugu laster Fatimako Santutegira, historian agertzen duen ama-babesaz jabetu eta bere amatasunaren leialtasuna bihotzez eskertzeko asmoz.

2017-2018 Pastoral Ikasturtea hastera goaz. Bertan egoera berri bati egokitu behar dizkiogu egiturak eta bihotza; erronka dugu: soiltzeko, arazteko, hezteko, saiatzeko, otoitz egiteko, bereizmena lantzeko… hitz batean, bihotz-berritzeko. Komunioaren eta ebanjelizatzearen erronka bizitzeko erarik bikainena (egiazki, era bakarra) geure bihotz-berritze pertsonala da. Badakigu egiturak aldatuz Elizaren bizitza berritzeko gai izango garela pentsatzea inozokeria dela. Egiazko aldaketak, Jesusek Ebanjelioan dioen moduan, barne-aldaketa izan behar du, nagusiki. Axolagabekeria, erdi purdikokeria, itxaropenik eza garaitzea da kontua, eta, bereziki, maitasunaren mirariari bihotza zabaltzea.

Hori hala izanik ere, beharrezkoa da egituren egokitzapena ere, baita gure pastoral irizpideei buruzko bereizmena edo dizernimentua egitea ere. Honela, ikasturte honetan hau egitera goaz: Lehenengo, Elizbarrutia sei artziprestaldeetan berregituratzea (13 ziren orain arte), eraginkorrago izatea da soiltze honen helburua. Bigarren, Elizbarrutiko Pastoral Kontseilu berria eratzea datorren bosturtealdirako, Elizbarrutiko kide guztien parte hartzea bultzatuz, dohain eta karisma desberdinak guztien zerbitzura jarriz. Hirugarren, Elizbarrutiko Pastoral Eredu berria prestatzea, lehendik dugun «Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura» izeneko dokumentua Frantzisko Aita Santuak «Evangelii Gaudium» agirian adierazitakoekin aberastuz.

Gure Elizbarrutiko bizitzak ordea, hortz-muga zabala du, gure mugak gainditzen dituena. Izan ere, Aita Santua Kolonbiara egiten ari den bidaia apostolikoa arretaz eta batasunean bizi dugu. Jakina nahiko genukeela Aita Santua gugana etortzea eta San Joan Paulo II. egin zuen moduan Loiola edo gure lurraldeko beste tokiren bat bisitatzea. Baina, ulertzen dugu eta pozik onartzen Frantzisko Aita Santuak lehentasuna ematen diela munduko “periferiei”. Frantzisko Aita Santua Kolonbiara joateak gogo honetako gizaki guztien bihotzean dagoen bake-nahia auspotzen du; eta askatasun falta nozitzen duen Venezuelako herriarekiko arreta ezaugarri ere bada.

Noski, ez dezagun zalantzarik izan: gure espiritu-hazkunderako biderik eraginkorrenetakoa bizitzaren eta munduaren periferietara bizkor gerturatzea da, geu pobretzeko joera gaindituz, gure burbuila txikietan geratu gabe. Aita Santuak dioen moduan “geure erosotasunetik atera eta Ebanjelioaren argia behar duten periferietara joaten ausartzea” da kontua (EG 20).

Meza honetako otoitza Katalunian bizi duten egoera konpontzeko eskaintzera gonbidatzen zaituztet. Bartzelonako Kardinal Artzapezpikuak bere asteroko gutunean esandako hitzak ekarri nahi ditut gogora horretarako: “Betebehar publikoaren, guztion ongia eta elkarbizitza kudeatzearen ardura dutenen alde ere otoitz egin dezagun. Elizak herri honen zerbitzuan egon nahi du, eta beronen baitan justiziaren, senidetasunaren eta batasunaren legami izan. Elkarte katolikoaren aurrean dudan ardura pastoralean eta nire hitz apala gizarte guztiari irits dakiokeen gogoz, elkarrizketaren eta ulermenaren, errespetuaren eta konfrontazio ezaren bidean aurrera egitera eragin nahi dut, gure gizartea senidetasun, justizia, askatasun eta bake esparru izan dadin lagunduz. Zentzu onak eta zuzenak eta senide jarreradunak izan nahiak gida gaitzala guztiok”.

Arantzazuko Amak lagun diezagula guri eta gure familiei fedean, itxaropenean eta karitatean leial irauten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak