Aizkorriko babeslekuko atea berriztu dute eta zapatuan igo eta jarriko dute bere tokian. Aizkorri Bizirik taldeko eta Zegamako Amezti mendi elkarteko kideen artean antolatu dute auzolana. Oltzako bordetaraino kotxez eramango dute eta handik Aizkorriko puntaraino, oinez.
Zatika
Atea zatika eramango dute: markoa (72 kilo), beheko atea (55 kilo) eta goiko atea (35 kilo). Horrez gain, porlanezko zakuak ere eramango dituzte: hamar bat zaku, 250 kilo.
Ekintza hau auzolanean egin gura dute, aurrekoak bezala, eta horretarako deialdia zabaldu dute, laguntzaileak behar dituzte-eta. Asmoa da motxila bakoitzean hamabi kilo eramatea.
Zapatuan, uztailak 15, igoko dute atea. 08:30ean elkartuko dira Askiolako postontzian. Arantzazun, 07:00etan. Joan gura duenak mezua idatzi dezake helbide honetara: aizkorribizirik@hotmail.com.