Ibilbide oparoaren aitortza egin dio udalbatzak Ganbara Abesbatzari

Ezustean izan zen, atzo gauean, Kalean egitarauaren barruan Ganbara Abesbatzak San Migel parrokiako klaustroan eskaini behar zuen kontzertuan. Abesbatzako kideak agertokira atera zirenean haiekin atera ziren udalbatza ordezkatuz, EAJko zinegotzi Lourdes Idoiaga, Kultura zinegotzi Nerea Zubia, eta alkate Mikel Biain. Besteak beste, Oñatiko herriaren izena mundura zabaltzen egiten duten lana goraipatu zuen alkateak.

Tours-eko –Frantzia– abesbatzen nazioarteko lehiaketan egindako lan bikainaren ondoren, Oñatiko udalbatzak Ganbara Abesbatzari aitortza bat egitea erabaki du. Ibilbide oparoari egin dio aitortza, Ganbara osatzen duten talde guztien lana errekonozituz. Mikel Biain alkateak hartu zuen hitza eta abesbatzak herrian kantuarekiko egiten duen lana aitortzeaz gain, nazioartean Oñatiren izena zabaltzen egiten duena ere errekonozitu zion. Aitor Biain zuzendariak hartu zuen udalbatzaren izenean alkateak emandako plaka. Abebatzako zuzendariak pozik hartu zuen oparia eta eskerrak eman zizkien abesbatza osoaren izenean.

Kontzertu bikaina

Aitortzaren ondoren etorri zen kontzertua, San Migel parrokiako klaustroan, ezohiko tokian. Hasiera baten kontzertua plazan egitekoa bazen ere, eguraldia ikusirik, barruan egitera erabaki zuten antolatzaileek. Ganbara Abesbatzak, Tours-eko lehiaketan abestu zituen bost obra eskaini zituen atzokoan. Errepertorio konplikatua, baina entzuteko ederra. J. Brahms konposatzailearen Verlorene Jugend, J. Guerreroren Iturengo Arotzaren konponketa bat, edo Eric Whitacre konposatzaile garaikidearen Cloudburst. La cucaracha ezagunarekin eman zioten bukaera, koreografia eta guzti iritsi zen abestiarekin. Txalo zaparrada luzea jaso zuen abesbatzak bukaeran. Merezitakoa.

Ganbara Txiki eta Hots

Ganbara Abesbatzakoen lan bikainaren ondoren etorri ziren Ganbara Txiki eta Hots abesbatza, azken hori, Aitor Biainen zuzendaritzapean sortu berri den ahots zurien abesbatza. Biek ala biek, folkloreko errepertorioa landu zuten, bai euskal kantak eta baita munduko beste herrialde batzutakoak ere. Haiek ere bikain defendatu zuen euren lana. Kontzertu borobila atzokoa, udako egubakoitz gau batez, belarriak goxatzeko egokia.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.