Aita Mortararen bizitza, Spielberg-en proiektu

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 9a, 12:52
Aita Mortara (eskuinean), haren amarekin eta anai batekin

Oñatiko agustindarren ordenaren fundatzaile izan zen Pio Mortara. Italian jaioa, 1884an heldu zen Oñatira eta 1910era arte bizi izan zen bertan. Euskara ere ikasi zuen. Haren gainekoak kontatzea da, Spielberg zinegilearen asmoa.

David I. Kertzer historialariaren El secuestro de Edgardo Mortara liburuan oinarrituko luke Steven Spielberg-ek filma. Bere ekoiztetxea eskubideen jabe da eta Mark Rylance eta Isaac Eshete lirateke aktore nagusiak. Kontakizuna, beraz, haren bahiketaren bueltan oinarrituko luke. "Italian, familia judutar baten jaioa, bederatzi urte zituela bahitu egin zuten Edgardo Mortara, Pio IX. aita santu gatazkatsuaren garaian eta haren babesean, eta Vatikanoan hazi eta apaiz laterandar egin zen", adierazi du Jerardo Elortzak Aita Mortaraz galdetuta. Hain zuzen ere, Steven Spielberg zuzendari ezagunak epe ertainean landuko dituen proiektuen artean dago Aita Mortararen bahiketaren gaineko istorioa. Hala, Edgardo Mortararen haurtzaroan gertatutakoak jasoko lituzke filmak eta lokalizazioen artean ez legoke Oñati, 33 urte zituela iritsi baitzen Mortara bertara.

Pio Mortara Levi (1851-1940), Bolonian jaio zen Edgardo izenez eta Liejan (Belgika) hil zen. Familia judutar bateko seme, haren umezainak isilean bataiatu egin zuen eta bederatzi urte zituela aita-ama hebrearren etxetik bahitu zuten elizak hala aginduta. Haren gurasoek 12 urtez borroka egin zuten mutikoa aska zezaten baina Pio IX. Aita Santuak behin eta berriz oztopatu zuen askatze hori. Erroman hezi zuten Edgardo Mortara, eliza katolikoaren doktrinan eta izena –Edgardo bezala jaioa, Pio izena hartu zuen gero– eta izana aldatu zituen bertan. Nerabe zela, libre utzi zuten. "Mortara gaztea gurasoen etxera bueltatu zen baina dagoeneko antza umearen sinismen erlijiosoak eta familiarenak ez zetozen bat ez ez ziren euren artean konpondu", jakinarazi du Jerardo Elortza oñatiar historialariak. Edgardo Mortara Erromara bueltatu zen bahitzaileek askatu eta hilabetera, eta bertan apaiz egin zen.

Oñatira 1884an

Europan barrena –ez da ziurra non ibili zen behin apaiz egin ondoren– ibili ondoren iritsi zen Oñatira Pio Mortara Levi. "1884an Oñatira iritsi ziren lau kanonigo laterandarretako bat zen Mortara", dio Elortzak. Seminario txiki baten kargu egitera etorri ziren haiek baina Elortzak gaineratu duenez, "lan asko egin zuen batera eta bestera diru bila" eta herriko agustindarren komentu-ikastetxea eta eliza eraiki ahal izan zituzten horrela. Aita Mortarak oñatin egindako egonaldiaren dokumentu asko dago gordeta agustindarren komentuan: "Karta mordoa dago gordeta, fundazio eta diru-kontuak dira gehienak. Gehiago ere esango dizut, gure aita, haren akolito izan zen", dio Elortzak.

Euskaraz ikasi zuen

Hizkuntzak ikasteko abilezia handia zuen Mortarak eta "denbora laburrean euskaraz ikasi eta sermoiak gure hizkuntzan egitea eta poemak moldatzea ere lortu zuen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak