Biodibertsitatea, natura, ekosistema eta kale edo ibaien garbitasuna bezalako gaiak izan dituzte berbagai saioan. Ingurumenaren zaintza, azken baten. Goizeko hamarretan hasi dute bilkura eta bertan batu dira Oñatiko Txantxiku Ikastola, Elkar Hezi eta Urgain ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak.
Proposamenak eta konpromisoak
Besteak beste animalia gaixo eta galduak zaintzeko aterpetxe bat egokitzea, kaleak zaintzeko eta jendeari zikina lurrera botatzen ez uzteko kanpainak egitea edo erretako basoak, larreak eta errekatako baldintzak berreskuratzea izan dira ikasleek egin dituzten proposamenetako batzuk. Herrian zakarrontzi gehiago eta handiagoak ipintzea, eta zikin dauden errekak garbitzea ere proposatu dute ikasleek.
Bestetik, konpromisoa erakutsi dute, gutxi kutsatzeko, natura zaintzeko, norbere zaborra etxera eramateko, animaliak maitatu eta errespetatzeko, edo erreka garbiketen kanpainatan parte hartzeko.
Mikel Biain alkateak adi entzun ditu ikasleen proposamen eta konpromisoak eta udalak naturaren zaintzan lanean jarraitzeko duen asmoa berretsi du.