Gaurtik zabalik dago autoendako Oñatiko Sietevientoseko bidegurutzea

Miren Arregi Amasorrain 2017ko mai. 22a, 15:52

Duela bi aste iragarri zuen udal gobernuak Sietevientoseko bidegurutzea astelehenetik egubakoitzera zabaltzeko asmoa eta gaur jarri da neurria martxan. Hala, azken bi hilabetetan ez bezala, eguerdiko 12:00etatik aurrera ere autoendako zabalik egongo da.

Ordutegi berria eta behin betikoa, honakoa izango da: astegunetan zabalik egongo da eta egubakoitzean, 16:00etan, autoendako itxiko da. Zapatu goizean berriz ere zabalduko da, 07:45etik 12:00etara, eta 12:00etan itxi egingo da domeka gauerdira arte. Domekan, 00:00etan berriz ere zabalduko da.

Proba pilotuaren emaitza

Martxoan itxi zuen udalak Sietevientoseko bidegurutzea autoen zirkulaziorako. Proba pilotua izango zela iragarri zuten orduan eta emaitzak baloratu ostean hartu du zabaltzeko erabakia udal gobernuak. Horrela azaldu du Irati Etxeberria hirigintza eta zerbitzuetako zinegotziak. "Urrian bidegurutze honetan eta Kalegoienan egin ziren neurketak. Orduko emaitzak bidegurutzea itxita egon diren bitartean egindako neurketekin alderatu ondoren, eta bereziki merkatarien kezkak eta eskaerak entzun ondoren, erabaki dugu bidegurutzea astean zehar autoendako zabalik izatea". Merkatariekin lotuta, gaineratu du: "Aparkaleku sistema berria ondo ikusten dute baina bidegurutzea arratsaldez itxita egoteak ezinegona sortu du. Ikusirik sentsibilitate berezi batekin begiratu beharreko kolektibo bat dela, erabaki dugu astegunetan zabaltzea".

Abiadura eta sarrera kontrolatzea

Sietevientos oinezkoen eta autoen arteko bizikidetza gune bat dela ikusirik, udal gobernuak autoen abiadura 10 kilometro ordukoa izatea gura du. "Legez bete beharreko abiadura maila 30 kilometro ordukoa da baina oinezkoekin bizikidetza dagoen puntu baterako asko da", adierazi du Etxeberriak. Horregatik gura dute bermatzea abiadura hori jaitsi egingo dela. Neurri tekniko automatikoen bitartez egingo da hori, alegia, abiadura radar bitartez kontrolatzea aztertzen ari dira, oinezkoak seguru ibili ahal izateko. Bidegurutzea itxita dagoen orduetan, bestalde, autoak ez direla pasatuko ziurtatzeko era "automatiko hori zehazten" dihardute. Ziur dutena da, itxiera ez dela pibote bidezkoa izango, hori baita "azken aukera". "Ahal bada seinale bidez egingo da".

EAJren udal taldearen iritzia

Oñatiko EAJ alderdiak, bestalde, bidegurutzea istearen kontra azaldu da hasieratik. "Guk joan den asten eskatu genuen bidegurutzea berehala zabaldu behar zela. Hasieratik eskatu duguna izan da, itxiera asteburuetara mugatzea eta orain, esaten duguna da, zapatuko 13:00etatik aurrera ixteko. Udal gobernuak esan badu zapatutan 12:00ak arte zabalduko duela, ados", adierazi du Lurdes Idoiagak.

Kale Zaharrean barrena baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izatea ere ez du ondo ikusten EAJk eta azaldu du, Kale Zaharreko, Kale Barriako eta Atzeko Kaleko merkatariak ere iritzi berekoak direla. "Guk esaten duguna da, autoen inbasioa inolaz ere ezin dela baimendu, tolerantzia txiki bat izan behar dela autoekiko. Esaterako, hiru-bost minutuko tarte bat, erosketak egin ahal izateko".

Herribusa Usakora

Mugikortasunarekin lotuta baditu udal gobernuak beste ekimen batzuk esku artean. Esaterako, Herribusa Usakora joatea: "Otsailean esan genuen aukera hori aztertzen ari ginela eta une honetan ibilbidea aztertzen ari gara. Behin behineko kontratua duen enpresarekin berbetan ari gara eta asmoa da uztailean arratsalde hasieran eta bukaeran buelta bana ematea Usakotik".

Hain zuzen ere, EAJk egubakoitzean egin zuen publiko Herribusa Usakora joateko eskaera. "Gazte askok esaten ziguten zergatik ez zen Herribusa Usakoraino heltzen. Joan den egueneko zerbitzuetako batzordean planteatu genuen proposamena. Proposatu genuenean udal gobernutik adierazi ziguten hori pentsatuta zutela. Horrela bada, primeran, denok ados".

Oinezkoen segurtasuna hobetzeko proiektuak

Auzoetan oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko proiektuak ere baditu esku artean udala. "Esaterako, Madalenan, Arriagako baserrian autobus geltokian, Jardinazpiko bidean eta hirugarrena Berezaon. Batez ere oinezkoen segurtasuna bermatze aldera egingo dira aktuazioak, nahiz eta oraindik hasierako fasean dauden", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak