Siriako egoera jasotzen duen dokumentala botako dute iluntzean

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mai. 11a, 10:01

Filma iragartzen duen azala (Argakia: El Palomitron)

'Nacido en Siria' dokumentalean, Herman Zin argentinarrak haur aurpegia jartzen dio gerratik ihesi Europara etorkizun bila heldu diren errefuxiatuen egoerari buruz hausnartzeko. Dokumentalak zazpi haurren bidaia kontatzen du, haien begiradatik abiatuta. Hotz Oñatik antolatuta, 20:00etan botako dute zinema aretoan.

Dokumentalak zazpi haurren bidaia kontatzen du, haien begiradatik abiatuta: gerrak suntsitutako herrialde batetik ihesi, itsasoa zeharkatu dute heriotzak kulunkatzen dituen pateratan, beldurra eta hipotermia lagun, oinez milaka kilometro eginez, mafien gehiegikeriak eta errefuxiatu-esparruetako pilaketak eta osasunerako baldintza penagarriak pairatuz.

Zuzendariaren helburua garbia da: “Gerraren izugarrikeria beste begirada batetik erakustea eta biktimei ahotsa ematea, gatazkaren ikuspegi humanoa galdu ez dezagun”. Hotz Oñatik adierazi duen moduan: "lan honek aurrez aurre jartzen ditu kasu askotan erabat abandonatuak edo beren familietatik traumatikoki bananduak izan diren protagonisten lekukotzak eta hainbat politikariren adierazpenak, hau da, egia bere biluztasun osoan eta Europaren jarrera lotsagarria, ateak itxi eta gaizkile gisa tratatzen dituzten Europarena, ezikusiarena egiten duen eta bere ardura beste herrialde batzuen esku uzten duen Europarena. Sirian gerra zibila hasi zenetik, lau milioi pertsona inguruk herrialdetik alde egin behar izan dute, etorkizunaren ziurgabetasunetik ihesi. Beren helmugara iristea beste odisea baten hasiera baino ez da: lurralde berri eta sarritan zakar batean integratzea. Bigarren Mundu Gerratik izan den errefuxiatuen exodo handiena haurren begietatik ikusten dugularik, sufrimendua eta etsipena benetan lazgarriak gertatzen dira, baina aurrera egiteko grina, xalotasuna, kemena eta esperantza ere agertzen zaizkigu. Horrek guztiak Sirian jaiotzeak zer esan nahi duen ulertzen lagunduko digu".

Hotz Oñatiren eskutik botako dute dokumental hau eta sarrera izango da 4,50 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak