Udalarekin batera ikastetxeetara oinez, bizikletan, patinetan edo patinetean joateko bideak landu dituzte herriko ikastetxeek azken ikasturteetan eta horrek duen garrantzia eta onura berresten duen bideoa aurkeztu dute.
Herriko irakasleek, gurasoek, ikasleek zein udal ordezkariek, guztiek arrazoi bat baino gehiago eman dituzte horrekin jarraitzeko, "herri atseginago baten alde". "Konturatu gara umeak biziago, aktiboago, datozela. Ingurumena zaintzeko modua ere bada, gainera", dio Maite Aiastuik herriko irakasleen izenean. Lierni Axpe izan da gurasoen ordezkaria: "Gu ere horrela joaten ginen ikastolara, eta baita eskolatik etxera ere. Bizipen haiek egungo haurrek ere izatea gurako genuke". Ikasleen izenean Aiert Alberdik hitz egin du bideoaren aurkezpenean: "Taldean, lagunekin joaten gara eskolara eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin. Gainera, kutsadura gutxiago sortzen dugu".
Oinez mapa
Ikasleen laguntzarekin herriko gune batetik bestera zer distantzia dagoen neurtu duten, metrotan eta minutuetan, eta koloretako mapa batean jaso. "Hor ikusten da distantziak ez direla handiak. Denbora gutxian hel zaitezke herriko edozein puntutara", esan du Nerea Zubia hezkuntza zinegotziak.
Itziar Bastarrikak egin du bideoa eta Jabi Erostarbek mapa.