"Zelten herritik gatoz, haientzako zuhaitz bakoitzak bere esanahia zuen, eta hori gogora ekarriko dugu", esan du Pello Zabala frantziskotarrak fenologiari buruzko ekitaldiaren hasieran. Zelten egutegia kontuan hartuta, bertaratu direnek ikusi dute aurten nola datozen zuhaitzak. Izan ere, urtero ez dira era berean hazten; batzuetan egun gutxi behar izaten dituzte hostoekin betetzeko eta bestetan ez. Eta Zabalak esan du joan zen urtean ez bezala, aurten maila antzerakoan datozela gainera, eta "normalean baino lehenago".
Zuhaitzen eskaintza handia
Eskaintza handia dago parketxearen inguruan zuhaitzei dagokienez, klase asko daude loretan daudenak, hostotan, edota erdizka datozenak, eta horiei buruz hitz egin eta zuhaitzen mundua gertutik ezagutu ahal izan dute bertaratutakoek.
Bestelako ekintzak
Ondorengo egunetan ere izango da zertaz gozatu Arantzazun; bihar, eguaztena, Mikel Olano adituaren eskutik hegaztien inguruko behaketa eta solasaldia izango da 10:30ean, eta egubakoitzean, berriz, Kalakan musika taldearen kontzertu akustikoa egingo da 19:00etan.