Apirilaren 15ean, zapatuan, emango diote hasiera egitarauari, Gomiztegiko artzain eskolara egingo duten bisitarekin. Bertan, gaztagintzaren sekretuak ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek. Apirilaren 18rako –martitzenerako–, bestalde, fenologiaren inguruko saioa egingo dute Parketxe inguruan, Pello Zabalak gidatuta. Besteak beste, klimaren eta naturaren arteko loturaz, eta, horrek, gizakiarengan duen eraginaz jardungo du hizlariak. Aurrekoez aparte, apirilaren 19an, eguaztenean, hegaztien inguruko behaketa-saioa eta solasaldia eskainiko ditu Mikel Olanok, gaian adituak; hainbaten artean, Arantzazuko harkaiztian bizi diren saiarreak begiztatu ahal izango dituzte parte hartzaileek.
Kalakan taldearen kontzertua
Kalakanen kontzertuarekin emango diote amaiera Aste Santuko eta Pazko asteko oporretako egitarauari. Antolatzaileen esanetan, "kontzertu akustiko berezia" eskainiko du Iparraldeko taldeak. Egitarauko hitzorduren batean esku hartu edota aterpetxean gaua pasa duenak ez du ezer ordaindu beharrik izango. Apirilaren 21ean, egubakoitzean, izango da kontzertua, 19:00etan.
Jardueretako aforoa mugatua denez, izena aurrez ematea gomendatzen dute antolatzaileek.