Ekitaldiari hasiera emateko, azken 25 urteetan Oñatin eta Euskal Herrian eman diren gertakari nagusi batzuen inguruan gazte batzuek. Gainera, Joseba Arregik Arantzazuko auzotarrei erakutsitako babesa dela eta eskerrak emanez idatzitako gutuna irakurri dute, eta prestatzen ari diren ikus-entzunezko baten zati bat ere aurkeztu dute. Bertan, Arregiren auzotarrek berarekin bizitako istorioak kontatzen dituzte, besteak beste.
Bestalde, Larraitz Ugarte abokatuak Joseba Arregiren egoera juridikoaren berri eman du. Ugarteren esanetan, "Frantziako espetxeetako legedia aplikatuko balitzaio eta Frantzian betetako zigorra aplikatuko balitzaio legez dagokionen bezala eta europar legediak esaten duen bezala, 2018ko apirilaren 15ean atera egingo litzateke Joseba, ez bazaio aplikatzen 2028ko apirilaren 15ean aterako da, 10 urte beranduago 82 urterekin".
Ondoren, Juan Mari Olanok presoen egoera orokorraren inguruan jardun du: "25 urte badaramatza jada kartzelan, badaude 30 urte baino gehiago daramatenak kartzelan ere, eta ez du zentzurik egoera honetan preso edukitzea, gainera dispertsatuta, Euskal Herritik urrunduta. Oso bortitza da eta horrek mendekuaren itxura besterik ez dauka. Nik uste dut zorionez euskal gizarteak, instituzioek eta eragileek geroz eta barneratuago dutela orrialdea pasatu behar dela, preso gaixoak etxera ekarri behar direla. Baina hori ez du lainoak ekarriko, lan egin beharko dugu ezberdin guztion artean, ibilbide bat adostuta, eta gogor borrokatu beharko dugu".
Gainera, gaztelekuko sarreran Arregik margotutako hainbat lan ikusgai jarri dituzte, eta horietako bat, txartelak erosi dituztenen artean zozketatuko dute.