Mikel Korkostegi: "Bigarren inplantera ere ondo ari naiz moldatzen"

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 9a, 21:25
Mikel Korkostegi oñatiarra San Lorentzo auzoan.

Donostiako ospitalean belarrian inplante bat jarri zioten EAEko lehendabiziko herritarra izan zen Korkostegi duela 25 urte. Urtarrilean beste belarrian egin zioten inplantea.

Medikuek egin zioten eskaintza bigarren belarrian ere inplantea jartzeko. Asko pentsatu ondoren eman zien baiezkoa, duela 25 urteko ebakuntza ahaztu barik.

Nola moldatzen zara? Ohitu zara bigarren aparatura ere?

Horretan ari naiz, bai. Duela 25 urte jarri zidatena oraindik ondo dabil, martxan. Horri esker hitz egin dezaket telefonoz, adibidez. Bigarrenarekin askoz hobeto entzungo dut, baina entzuten ikasten ari naiz oraindik.

Logopedek laguntzen dizute prozesu horretan?

Bai. Eskumako alde hori lo egon da urte askotan eta orain esnatzen ari da poliki-poliki. Hasieratik ozen entzungo banu, zoratu egingo nintzateke, mina sortuko lidakete bolumen horrek. Eta ari naiz gutxitik askora entzuten. Orain arteko azterketetan ikusi dugu ondo doala dena eta pozik nago.

Nolakoa izan zen ebakuntza?

Lehenengoarengandik oso ezberdina. Duela 25 urtekoak bost ordu pasa iraun zuen eta hamar egun egon nintzen ospitalean. Oraingoak ordu eta erdi inguru iraun du eta hurrengo egunean etorri nintzen etxera. Ondorengo egunak ere askoz lasaiagoak izan dira. Ez dut minik izan. Asko aurreratu du kirurgiak eta teknologiak.

Ebakuntza oso mediatikoa izan zen lehendabizikoa. Kamerekin grabatu zuten.

Orduan, ni bezalako Euskal Herritarrak ez ezik, Kantabriakoak eta Errioxakoak ere, esaterako, Donostiako ospitalera joaten ziren. Ni izan nintzen inplantea jarri zioten lehendabizikoa, eta ikusmin handia sortu zuen, bai. Elkarrizketa asko egin zidaten. Gogoan dut ni operatu ninduen medikuarendako ere gisa horretako lehen ebakuntza zela, eta Alemaniako beste mediku bat etorri zen laguntzera. 

Orduan ere logopeden laguntza izango zenuen, ezta?

Bai. Operatu eta hilabetera hasi ginen aparatua programatzen. Inplantearekin entzuten diren  tonuak ez dira arazorik ez dutenek entzuten dituzten modukoak. Entzuten da belarri barruan ura izango bazenu bezala. Sei hilabetez egunero joan nintzen ospitaleko logopedarengana, sei orduz. Negar ere egin nuen batzuetan, ez nuelako nik gura nuen moduan ulertzen, baina ulertu gura nuen, eta jarraitzea erabaki nuen. Egia da ere nik badakidala zer den ondo entzutea, hau da, nik entzuten nuen txikitan, gero galdu nuen entzumena. Eta hori alde izan dut.

Noiztik izan duzu entzumen arazoa?

Txikitan, lauzpabost urte nituela, ia erabat galdu nuen entzumena gaixotasun baten ondorioz. Hamabi urte nituenerako hobeto entzuteko aparatu bat jarri zidaten belarrian. Gehiago ere izan ditut, baina heldu zen momentu bat ikusten nuena ez nuela hobeto entzungo. Horregatik erabaki nuen operatzea.

Bigarren ebakuntza egiteko asko pentsatu zenuen?

Etxekoek nire gain utzi zuten erabakia, neuk pentsatzeko. Ekainean jaso nuen medikuen proposamena eta irailean baietz esan nien. Egia esan inork ez genekien lehendabiziko aparatuak ze iraupen izango zuen. Oraindik funtzionatzen du, baina ez genuen uste horrenbeste iraungo zuenik eta zenbat denbora gelditzen zaion ere ez dakigu. Hala, urtarrilaren 12an operatu ninduten. Buruko-minak, nerbioak, zalantzak... izan ditut baina askoz handiagoa da ebakuntzek emandakoa.

Horrelako zenbat ebakuntza egiten dituzte urtean ospitale horretan?

370 operazio inguru egin dituzte duela 25 urtetan, 35 bat urtean.Ni operatu ninduten egunean Zumarragako mutil bat ere operatu zuten. Normalean umeak operatzen dituzte. Donostiako ospitalean belarri bietan inplanteak jarri dizkioten EAEko lehenengoa naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak