Colin Abrahall (GBH taldeko abeslaria): "Kantu ezagun guztiak joko ditugu Oñatin"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 3a, 12:00

Punk estiloan aitzindaria den GBH talde britainiarra Oñatiko gaztelekuan izango da martxoaren 9an 22:00etan. Ikur duten punk azkarra egiten jarraitzen dute, beste musika estilo batzuetatik hartzen badute ere.

Hasierako formazioko Colin Abrahall abeslariarekin eta Colin Jock Blyth gitarra-jolearekin batera, Ross Lomas baju-joleak eta Scott Preece bateria-joleak osatzen dute gaur egun laukotea.

Pozik Euskal Herrira etortzeko?

Bai, Euskal Herrian urte askotan jotzen aritu gara eta beti oso ondo hartu gaituzte. Punk-rocka Euskal Herriko musika nazionala dela iruditzen zait.  

Eta zuk jarraitzen dituzu euskal musika taldeak? Nola ikusten duzu euskal musikagintza?

Hainbeste talde daude, hainbeste talde on, barkatu ez badut hizkuntza ulertzen –gizon ingeles ergel bat naiz–, baina horko musika beti izan da oso ona.

Orain dela bi urte Gatillazo taldearekin jo zenuten Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta Evaristorekin abestu zenuen. Zer moduz?

Oso urduri nengoen harekin abestu behar nuelako; aurrez esan bezala, ingelesaz gainera ez dut beste hizkuntzarik hitz egiten. Horregatik, bada, aurreko asteetan gogor aritu nintzen entseguetan abestia gertatzen, eta, pentsa, leloa bakarrik abestu behar nuen! Zorionez, oso ondo atera zen!

Baduzue euskal musika taldeekin harremanik?

Bai; lagun asko ditugu Euskal Herrian; Gasteizko Segismundo Toxicomano taldeko kideak, horien artean. Baina joaten garen bakoitzean lagun berriak egiten ditugu.

1979.an sortu zenuten GBH. Zein da, gaur egun, Britainia Handiko punk mugimenduaren egoera?

Punk mugimendua osasuntsu dago; autoekoizpenaren eta Do It Yourself-aen bidetik ari da (Zuk zeuk egin), gehienbat; hau da, korporazio handien zirkuitutik kanpo. Hala ere, kontzertu areto eta promotore sare handia dago herrialde osoan.

Eta zein da zuen egoera?

Beti bezain lanpetuta gabiltza. Apirilean Hego Amerikara joango gara eta han hamalau kontzertuko bira egingo dugu! Lurralde horietan inoiz egin dugun birarik luzeena izango da. Ondoren, urtea amaitu aurretik,  Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan ere aritzeko asmoa dugu. Horrez gainera, Britainia Handian eta Europan kontzertu eta jaialdi pila bat ditugu; beraz, atseden hartzeko denbora gutxirekin ibiliko gara!

Punk azkarraren aitzindari zarete. Zelan definituko zenuke gaur egun egiten duzuena?   

Punk-rocka, duda barik.

40 urte taularen gainean; nola ikusi duzue publikoaren bilakaera?  

Zaharragoa izateaz aparte, anitzagoa dela esango nuke. Orain, gurasoak euren seme-alabekin etortzen direla ikusten dugu; beraz, gure publikoan 8 urtetik 80 urtera bitarteko zaleak daude. Era berean, bizardun askoz gehiago daude!

Ze asmorekin zatozte Oñatira? Nolako kontzertua emango duzue?

Abesti ezagun guztiak joko ditugu, guzti-guztiak! Horiez gainera, sorpresa batzuk ere izango dira; tartean, kantu berriak.

Disko berri bat duzue, beraz, etorkizuneko planen artean?

Bai, hala da; bilduma berri bat prest dugu eta grabatzeko momentu egokiaren bila gaude. Laster argitaratzeko asmoa dugu; dagoeneko ari gara zuzenekoetan hainbat kantu erakusten. Publikoak oso ondo erantzun du, eta hori oso pozgarria da guretzat.

Zerbait gehiago gaineratu gura zenuke?

Oñatiko gaztelekuan ikusiko dugu elkar!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak