Errepideak konpontzeko erabiltzen diren makinak eta obretako langile ugari ibili dira egun hauetan Zubillaga auzoan. Lurzorua ari dira konpontzen, txukuntzen. Autobusendako markesina berriak ere jarri dituzte eta dagoeneko ez zaie askorik falta auzoaren eraberritze lanen lehen fasea bukatzeko. Datozen egunetan bukatuko dituzte fase horretako lanak.
Irisgarritasuna
Fase ezberdinetan ari dira egiten Zubillaga auzoaren eraberritze lanak. Hiru fasetan banatu dituzte. Auzoaren sarreran, Oñatitik Elorregirako noranzkoan, hasi zituzten lanak, lehen fasekoak, eta horiek bukatzen ari dira orain. Azken hilabeteetan, Ulma Forjatik auzoaren erdigunerantz doan errepide zatian ibili dira lanak egiten. Sarrera horretatik Arotzena baserri parean dagoen zubirainoko zatian, hain zuzen ere. Autobuseko markesinak jarrita daude dagoeneko eta helduleku batzuk ere jarriko dituzte. Errepideko zuloak tapatu, lurzorua txukundu eta espaloietan irisgarritasun lanak egin dituzte.
Bigarren faseko lanak lizitaziora atera dituzte. Fase horretan sartuko da erdiguneko zubi horretatik industrialdearen hasieran dagoen zubirainoko zatia; auzo-etxetik Martezkua baserrira bitartekoa, alegia. Zati horretan sartzen dira, adibidez, frontoiaren eta ermitaren aurrealdea. Irisgarritasun lanak izango dira zati horretan egingo dituztenak ere, eta, adibidez, oinezkoendako bideak berritu egingo dituzte. Berdeguneak ere txukunduko dituzte. Pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zituzten proiektuaren baldintzak, lanak esleitzeko prozedurari hasiera emanda. Lan horiek urtea bukatu aurretik egingo dituzte. Eta behin horiek bukatuta, hirugarren fasea geldituko da egiteko, auzoaren erdigunean egin beharreko eraberritze lanak, zehazki. Gune horretako obrak, baina, datorren urtean egingo dituzte.
Eraberritze lanak
Zubillaga auzoaren eraberritze lanen bigarren faserako 160.000 euro bideratuko ditu Udalak. Auzo horretan ez ezik, herriko beste zenbait auzo edo gunetan ere egingo dituzte antzerako lanak urtea bukatu aurretik. Olakua eraberritzeko lanak egiteko, esaterako, 262.000 euro daude gordeta eta San Lorentzo auzokoak egiteko, 250.000 euro. Horrez gain, urtean sor daitezkeen irisgarritasun beharrei edo eskaerei erantzuteko 50.000 euro daude jasota aurrekontuan.