'Garbantzuak': pertzuak, urkoplak eta bertzalak

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 3a, 09:59
Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Ander Lizarralde 'Pertzi' , diskoaren aurkezpenean, Antixena gaztetxean.

Ander Lizarralde Pertzi, Urko Arregi eta Gontzal Belategi bertsolariek sortutako grabazioa da Garbantzuak; bertsoetan oinarrituta badago ere, ateraldiak eta koplak ere batzen ditu pasa den egubakoitzean Antixena gaztetxean aurkeztu zuten disko horrek.

Orain dela zazpi urte, Ander Lizarralde Pertzi bertsolariak Pertzuak izeneko grabazio bat argitaratu zuen, hainbat bertso eta ateraldi batzen zituena.

Orain, orduko disko hari jarraipena eman nahi izan dio Pertzi-k, baina beste bi bertsolarirekin batera, Urko Arregirekin eta Gontzal Belategirekin. "Lehenik, haren antzeko proiektu bat egitea bururatu zitzaigun, baina ni bakarrik izan beharrean, hiru bertsolari. Beraz, data zehaztu genuen, eta data horretarako nork bere produkzioa egin zuen. Ondoren, guztiak batu eta disko baten sartu genituen", azaldu du Pertzi-k.

70 minutuko grabazioa da, hiru bertsolarien ekoizpenak batzen dituena. Esan bezala, Lizarralderen bertso eta ateraldiak pertzuak dira, Arregirenek urkoplak eta Belategirenak bertzalak. "Guztiok ez dugu bertso kantitate bera diskoan, ez da hain zehatza", dio Pertzi-k.

Oro har, kritika soziala egiten da, gai politikoak jorratzen dira, eta gogoeta filosofikoak eta gizakiari loturikoak ere batzen ditu grabazioak.

Pertzuak atalak hainbat kritika eta hausnarketa batzen ditu. "Gizakiaren kontrako bertso batzuk ditut, lanaren aurkako errezitaldi batzuk, gizakiak Whatsappi ematen dion erabilera ere kuestionatzen dut. Hori da, gutxi gorabehera, lantzen dudana", adierazi du Pertzi-k.

Urkoplak atalari dagokionez, hiru sorta ezberdinetan banatzen dira, Arregiren esanetan. "Batetik, normalean pentsatzen ez ditugun gauzak jorratzen ditut, modu ironikoan. Bestetik, autobusean gertatzen diren kontuez dihardut, eta, azkenik, telebistan haurrek ikusten dituzten programen gainean ere hausnartu nahi izan dut".

Azkenik, bertzalak atalean, "probokatzaile" ibili dela aitortu du Belategik. "Punken kontra egin dut, baita klase politikoaren kontra ere", dio.

Aurkezpena, Antixenean

Pasa den egubakoitzean aurkeztu zuten diskoa, Antixena gaztetxean. "Jende dezente batu zen eta animatuta egon ziren, gainera. Alde horretatik, gu ere oso gustura gelditu ginen", onartu du Pertzi-k.
Diskoan agertzen diren bertso eta ateraldietatik hautaketa bat egin, eta horiek errezitatu zituzten aurkezpenean. "Guztia errezitatzea oso luze joango zela iruditu zitzaigun; beraz, hautaketa bat egitea erabaki genuen. Gutxi gorabehera, erdi-edo errezitatu genuen".

Diskoa Arrano tabernan dago salgai, 3 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak