Oñatiko Udalak beste pausu bat egin zuen atzo Arantzazura bidean dagoen Gomiztegiko harrobia handitzeko proiektuaren kontra. Abelazkuntzarako eta nekazaritzarako lurzoru babestuan halako jarduerarik ez egiteko araua onartu zuen. Harrobia handitzeko proiektuaren asmoa 2015eko martxotik dator. Harrez gero asmo horren kontrako mozioak, adierazpenak eta alegazioak jarri ditu Oñatiko Udalak, Jaurlaritzarekin bilerak ere egin ditu baina oraindik ez dute inolako erantzunik jaso, Mikel Biain alkatearen esanetan, eta Udalak bere esku dagoena egiten jarraituko du proiektu horren kontra. Hala, araua aldatu du eremu horretan erauzketa jarduerarik (harrobirik) ez baimentzeko. Aho batez hartu da araua aldatzeko erabakia. 2006ak dira hiri antolaketako arauak. Ordutik hona, ingurumenarekin zerikusia duten udalez gaindiko hainbat arau onartu dituzte, adibidez, Aizkorri-Aratz natur parkearen izendapena, bertako natur baliabideak antolatzeko plana, eta kontserbazio bereziko eremu izendapena, besteak beste. Eta hori kontuan hartuta eta harrobia handitzea galarazteko, hiru artikulu aldatzea onartu zuen atzoko udalbatzak.
Gernikako Arbolaren inguruko adierazpen instituzionala ere adostu eta aho batez onartu zuten atzoko osoko bilkuran udalbatza osatzen duten bi alderdiek. Gogora ekarri zuten duela 100 urteko udalbatzak kimu hori landatzeko hartu zuen erabakia eta haritz horrek duen esanahia ere jaso dute testuan.
1917ko otsailaren 2an landatu zuten orduko bi mutikok Gernikako Arbolaren kimua eta osasuntsu eta gustura dago haritza oraindik Oñatiko erdigunean. Otsailaren 3an egingo dituzte mendeurrena ospatzeko ekitaldia. Herriko musika bandak, dantzariak, abesbatzak, txistulariak eta beste talde batzuk parte hartuko duten ekitaldi sinple baina sinbolikoa izango da, alkatearen iritziz.
Artixa taldeak berriz, argazki erakusketa antolatu du urteurren hori aitzaki hartuta. XX. mendeko lehen erdiko Oñati nolakoa zen erakusten duten 354 argazki jarriko dituzte ikusgai astelehenean kultura etxean: orduko kaleak nolakoak ziren, herritarrak nola janzten ziren, trenaren inaugurazioa nolakoa izan zen, eraikinak nola egin zituzten eta Franco eta Espainiako errege-erreginak noiz eta zertara etorri ziren ikusi ahal izango da, besteak beste. Bi astez egongo da zabalik erakusketa hori.