Gaur goizean ere elurra botako zuela iragarrita zegoen arren, azkenik ez da horrela izan. Euria, aldiz, gogotik egin du, baina hori ez da aitzakia izan 2017ko lehen elurteak utzitakoaz gozatzeko.
Sindika hotelaren ondoko zelaian, esaterako, ume asko ibili dira gora eta behera trineoekin, plastikoekin edo elkarri elur bolak botata jolasean. Asko eta asko elurra egiteko zain zeuden, eta gaurkoan eskolarik izan ez dutenez, ez dute aukera galdu nahi izan.
Beste batzuek aldiz, mendi buelta bat eginez gozatu dute elurraz. Ondo estalita, hotzaz eta euriaz babesteko, jende dezente abiatu da Urbiarantz, paisaia zuritua miretsi eta behin gora igota bertako fondan berotan sartzeko. Hala, mendizaleek aipatu dute Urbiarainoko bidea ondo dagoela, "gustura ibiltzeko moduan", nahiz eta, esaterako, Aizkorrirantz joan nahi izan dutenek zailtasun handiagoak izan dituzten.