Guztia prest 'Txantxakale' galarako gaur, zapatua, Oñatiko gaztelekuan

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko urt. 7a, 10:16

Irazaneko helduen taldeko kideak

Inprobisazio gala antolatu du Irazan antzerki-guneak gaur gauerako. 22:30ean hasita, gaztelekuan. BAT edo BIP izena jarri diote ekimenari, eta bertan, Irazan-kideek publikoak aukeratutako gaiak landuko dituzte inprobisazioaren bitartez. Galarako sarrerak gaztelekuan bertan daude salgai, prezio sinboliko baten truke. Taldea eta bertako kideak herriari aurkeztea da ekimen horren helburua, Irazanetik azaldu dutenez.

Ekainean hasi ziren antzerki talde bat sortzeko biltzen, eta irailean martxan jarri zuten. Deialdiak arrakasta izan zuen, eta gaur egun bi taldek dihardute, helduenak eta gaztetxoenak. Irazanen nagusien taldean 30 pertsona baino gehiago dabiltza orain, eta hamabost gaztetxoenean. Sortzaileetako bat izan zen Josu Zubiak dioenez, taldea sortzea erabaki zutenean, "10 pertsona biltzea sekulako arrakasta" izango zela zioten, eta ondorioz, "kristoren sorpresa" izan zen sortzaileentzat horrenbeste jende batzea. Hala, bi talde egin behar izan zituzten, baina, Zubiak dioenez, mota horretako sorpresak beti izaten dira "ongietorriak". Eltzia eraikineko gela batean dago kokatuta Irazan antzerki-gunea.

Publikoa, gai jartzaile

Egubakoitz gaueko galan, ikusleak gai jartzaile lanetan arituko dira, eta eurek eskatutako gaiak antzeztuko dituzte Irazanekoek, momentuan bertan inprobisatuz. "Inor larritu ez dadin", Zubiak azaldu du publikoko kideak ez direla taula gainera atera behar. "Irazanekook bakarrik egongo gara agertokian, eta ikusleek euren tokitik proposatuko dituzte gaiak".

"Nortzuk garen aurkeztea". Hori da gaurko hitzorduaren helburua, Zubiaren esanetan. Horretarako, inprobisazio gala aukeratu zuten, "aukera asko ematen duelako eta publikoarendako ere interesgarria delako".

23an gaztetxoen txanda

Biharko inprobisazio galan nagusien taldekoek parte hartuko dute, baina umeek ere aurki izango dute eurei zuzendutako ekintza bat. Pailazo saio bat egingo dute urtarrilaren 23an, Elkar Hezi ikastetxeak proposatuta. Aurreragorako ere gaztetxoen taldearekin beste ekimen bat prestatzen dabiltzala aurreratu du Zubiak.

Irazanetik gogorarazi dute taldean parte hartzeko interesa daukan edonorentzat "ateak zabalik" daudela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak