Aurrekontuei "anbizioa eta errealismoa falta" zaiela uste du EAJk

2017ko aurrekontuaren balorazioa egin du prentsa ohar bidez EAJko udal taldeak eta adierazi du Udal Gobernuak ez duela "borondaterik" izan aurrekontua aberasteko eurek herritarrengandik jasotako proposamenekin. Zalantzan ere jartzen du Udal Gobernua "gai izatea 2017rako pentsatutako inbertsioak aurrera eramateko".

EAJko udal taldeak adierazi du prentsa oharrez Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurkako bozka eman zutela," hauek anbizio eskasekoak izateaz gain, oñatiarren benetako arazoei erantzun egokirik ematen ez dietelako". "Oñatiarren arazoei erantzuna emate aldera hain zuzen, eta udal gobernuak aurrekontuak forma eta epe desegokietan eta, beraz, elkarlanerako aukerarik gabe, aurkeztu zituen arren, EAJ-PNVren udal taldeak lan eraikitzaile bat egin du, proposamenak eginez, asko eta asko herritarrengandik jasoak gainera, beti ere Oñatik merezi dituen aurrekontuak izatea helburu hartuta", diote oharrean.

Eta jarraitzen du: “Aurrekontuak hobetzera bideratutako 37 proposamen aurkeztu ditugu, guztiak eskatutako epeetan aurkeztuak, eta tamalgarria iruditzen zaigu udal gobernuak, oñatiarren onura helburu zuen gure esfortzua aintzat hartu ez izana, gehienak baztertuak, atzeratuak edo aztertzeke utzi baitituzte. Ez dira premiazko gai bezala hartu bizikleten ordenantza, igerileku irekia egiteko azterketa edo San Martin parkean korrika egiteko bidea bezalako proposamenak eta baztertuak izan dira, TAOa ordu batetik bi orduetara zabaltzea, edo kultura eta euskararen inguruko sariak sortzea, besteak beste. Sozio-ekonomia alorreko proposamenak, hau da, langabetuentzako, merkatarientzako, autonomoentzako edota nekazal arloarentzako laguntzak, aztertzeke geratu dira". Jeltzaleek enplegua sortzeari eta sozio-ekonomia bultzatzeari "estrategikoa" irizten diote oharrean, eta horregatik uste dute, "aurrekontuetan gai hauetara bideratutako politikak aurrera eramateko nahikoa diru aurreikustea ezinbestekoa dela". “Udal gobernuak, azken momentuan, San Lorentzoko 12-24 zenbakien inguruko irisgarritasuna bermatzeko obrak bukatzeko gure proposamena onartu du. Positiboki baloratzen dugu hori noski, auzotarrentzako suposatuko duen onuragatik, baina, aurkeztu ditugun proposamen landu eta meditatuen kopurua kontutan hartuta, ez dugu uste erantzuna neurrikoa izan denik. Hala ere, gure posiziotik, onartutako proposamena era egokian aurrera eraman dadin lan egingo dugu” azaldu dute.

Oharrean jasotzen duten moduan, jeltzaleek "ez dute ulertzen bereziki igerilekuari dagokionean izan diren arazoak kontutan hartuta, polikiroldegira bideratutako inbertsio partidarik ez gorde izana eta berriz ere alternatiben azterketa prozesu bat hastea". Zaraten mapari dagokionez, "Kale Zaharraren ingurua lehenestea" eskatu dute, "jasaten dituzten arazoak aintzat hartuta", baina "udal gobernuaren erantzunik jaso ez dutela" adierazi dute.

EAJren udal taldeak, bestalde, EH Bilduren udal gobernuak "2016rako konprometitutako inbertsioen exekuzio maila baxua" deitoratu du, "konprometitutako 3,6 milioietatik %44 besterik ez baita exekutatu, hau da, 2 milioi exekutatzeke gelditu dira, eta hori, udal gobernuaren planifikazio faltari" egotzi diote. Gaineratu du oharrak: "2016 urteko exekuzioaren betetze maila eskasa izan arren, udal gobernuak 2017rako beste 3,5 milioiko inbertsioak aurreikusi ditu, kontutan izanik aurreko urteko 2 milioi exekutatzeke gelditu direla, jeltzaleek zalantzan jartzen dugu udal gobernua 5,5 milioi exekutatzeko gai izatea. Ez dugu uste herritarrei hitzemandakoa ez betetzea kudeaketa modelo egokia denik”.

Amaitzeko, udal talde jeltzaleak, "Oñatiko herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta", "lan eraikitzaile bat" egiten jarraituko duela adierazi du. “Herritarrek gugan jarritako konfiantzari ahalik eta erantzun egokiena ematea gure erantzukizuna izanik, oñatiarren alde lanean eta proposamenak egiten jarraituko dugu behin eta berriz”.

Erlazionatuak

18 milioi pasako aurrekontua izango du Oñatik 2017rako

Oñati

Aurtegoa baino %7,53 txikiagoa izango da 2017koa. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuen atzo udalbatzak. O...

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.