Marraztea betidanik izan du gustuko Jabier Erostarbek. Ilustratzailea eta diseinugilea da ogibidez. Orain dela bi urte, koaderno txiki baten hasi zen marrazkiak biltzen. Kalean egiten dituzten sketchcrawl ekimenetan moduan, marrazketa azkarra erabilita egiten ditu; baina kalean beharrean, Erostarbek etxean edo bulegoan sortzen ditu. Arkitektura gaiko irudiak eta erretratuak marrazten ditu.
Erretratuen koadernoa kanpora zabaltzea erabaki du orain; astelehenetik abenduaren 30era arte, handik "lapurtutako" orriak Oñatiko Kultura etxean izango dira. "Pena eman dit liburua apurtzeak, baina, marko eta guzti ikusita gero, politak daude", dio Erostarbek.
Anonimoak gurago
Erakusketako marrazkirik handiena Selma Huxley ikerlariari eskainitakoa da. "San Juan baleontziaren aurkikuntzaren irudi batzuekin osatu dut erretratu hori. Hala ere, pertsonaia famatuak baino, nahiago dut herritar arruntak marraztu. Nire gertukoak edo ezagunak dira batzuetan; eta, bidaietan ateratako argazkietan oinarritutakoak, beste hainbat. Oso gustuko dut etnia ezberdinetakoak marraztea: Australiako aborigenak, Errusiako biztanleak, Afrikako leinuetakoak, euskal kulturarekin lotutakoak ere baditut... Era berean, badira beste margolan batzuk, garai bateko egunkarietan azaldutako albisteetan oinarritutakoak; albiste-orri horiek nire artxiboan gorde, eta urte batzuk geroago marrazki bihurtu ditudanak. Irudi bakoitzari azalpen txiki bat idazten diot".
Ingalaterran ere bai
Herriko erakusketaz gain, Ingalaterrako Kent Konterrian ere Erostarberen lanak ikusteko aukera dago. "Southamptongo galerista batzuen proposamena jaso nuen Folkestone liburutegiko erakusketa kolektiboan parte hartzeko. Zortzi marrazki eta akuarela eraman ditut".