Egileak nortzuk izan daitezkeen susmoa dute

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko abe. 9a, 12:42
Herritarrak, udalbatza eta sare feminista, erasoa salatzeko agerraldian. (Argazkia: Ekain Muñoz)

Aurretik ere egon dira erasoak Oñatin emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzten mezuen kontra, eta herriko sare feministak hor kokatzen du muralaren erretzea. Diote parekidetasunaren alde egin behar dela lana, bakoitzak bere tokitik. 

Azken bizpahiru urte hauetan eraso bat baino gehiago gertatu dira Oñatin emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzten mezuen kontra. Adibidez, herriko bi sarreretan dauden panel handi horietan matxista hitza tapatu egin dute. Feministen erasoei erantzun eta Emakume asanblada = talde enbrista moduko pintadak ere agertu dira. Joan den urteko jaietan, Hetereo-patriarkatuari tanto, gurea da sakea zioen mezua jarri zuten plazako frontoian eta sakea-ren lekuan zakila jarri zuten.

Errekalde eta San Lorentzo auzoak lotzen dituen tunelean azaroaren 26an jarritako muralaren erretzea testuinguru hor kokatzen du herriko sare feministak. Egondako erasoak aztertu eta jarraipena egin dietela ere adierazi dute, eta egileak identifikatzeko zantzuak badituztela esan.

Parekidetasuna

Azken eraso honek sortutako mina handiagoa izan dela diote sare feministako kideek, "azaroaren 25aren bueltan herritarren artean egindako lana zelako, batetik eta bestetik, erretzeak baduelako beste esanahi bat, sinbolikoki indar handia duelako". Azken eraso honetan, gainera, herritarren artean haserrea eta harridura nabaritu dutela diote sare feministako kideek: "jende askori entzun diogu esaten ez dutela ulertzen zergatik erre duten mural hori, ulertezina zaiela".Herrian izandako eraso guzti hauen aurrean egiten duten irakurketa da oraindik lan asko dagoela egiteko parekidetasunaren alde. "Herri mailan egin beharreko lanketa" bat dela uste dute eta "bakoitzak bere tokitik egin dezakeena".

Erasoak gehiago ez errepikatzeko, kontzientziazioa eta prebentzioa zabaldu  behar direla uste dute, eta hezkuntza formal zein ez formalean parekidetasuna landu behar dela. Gehitu dute maskulinitateari buruzko tailerrak edo autodefentsa ikastaroak antolatu daitezkeela, adibidez.

Erreta agertu den mural hori garbitu eta lehengo tokian jartzea da asmoa. "Herritarrok ezagutzen dugu inguru hori.  Argitasuna eman gura diogu eta gura dugun tokitik gura dugunean ibiltzeko eskubidea aldarrikatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak