Euskararen kale erabilera %64 da

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko abe. 2a, 09:16
Duela bi urteko Euskararen Eguna ospatzen kiroldegian

Oñati euskaraz bizi dela aldarrikatu eta ospatuko dute Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ekitaldien bitartez. Lehen Hezkuntzan diharduten 700 ikasle inguruk 'lipdub'-a egingo dute gaur Urkoren 'Guk euskaraz' kantuaren bi bertsio abestuz.

Oñati euskaraz bizi da eta hori aldarrikatu eta ospatuko dute Euskararen Egunaren bueltan antolatu diren ekitaldiekin. Herriko ikastetxeak eta udala elkarrekin ibili dira ekitaldiak antolatzen eta udaleko euskara sailak jasotako datuek diote euskaraz bizi den herria dela Oñati. "Datu objektiboak dira euskararen kale erabilera %64koa dela eta ezagutza, %75ekoa. Oñati herri euskalduna dela esan dezakegu inolako zalantza barik", dio euskarako udal teknikariak, Iñaki Akizuk.

Egonkortzen asmatu

Azken urteetako joerari erreparatuz, berriz, datuak kontraesankorrak direla aitortu du Akizuk: "Euskararen kale erabilerak gora egin du nabarmen.  Ezagutzak aldiz behera, baita etxeko erabilerak ere. Ezagutza, 2001ean %79koa zen, 2011n %75ekoa; lau puntuko beherakada egon da hamar urtetan. Garai honetan bizi izan ditugun migrazio prozesuek izango dute zerikusirik datu honetan. Euskararen kale erabilerak aldiz nabarmen egin du gora: 2000.  urtean %56a zen eta  2011n %64koa. Bederatzi puntu egin du gora erabilerak, ezagutzak behera egin duen garaian. Hizkuntzak komunitatean duen bizi-indarraren seinale".
Akizuren esanetan "argi dago hizkuntzaren bilakaera gizartean gertatzen diren etengabeko aldaketen eraginpean" dagoela eta hori kontuan hartu beharko litzateke aurrera begirako helburuak definitzerakoan." Joera horiek aurreikusi eta euskararen ezagutza eta erabilera mailak, biak goranzko joeran egonkortzen asmatzea da hurrengo urteetarako erronka nagusia", adierazi du euskara teknikariak.

Kantuan

Guk Euskaraz kantua aukeratu dute arratsaldeko lipdub-a egiteko; kanta beraren bi bertsio abestuko dituzte, Urkorena eta Xaramelarena. "Lehen Hezkuntzako 700 ikaslek hartuko dute parte. Orain arteko entseguak ikastetxeetan egin dituzte, eta gaur denen artean egingo dugu", dio ekimena koordinatzen ibiliko den Txatxilipurdi elkarteko Ainara Kortabarriak. Lipdub-aren bideoa gaur erakutsi gura dute. Batxilergoko ikasleek Muxua antzezlana ikusiko dute Santa Anan, 12:00etan. Arratsaldean, Gauargi taldearen emanaldia egongo da eta 18:00etan euskal kantuak abestuko dituzte familia giroan kontzejupean. Ikastetxeetako Guraso Elkarteek txokolatea banatuko dute doan.Hezkuntza Mahaiak antolatu du aurten ere Euskaren Eguna.

Herriko ikasleek egingo dituzte kazetari lanak Euskararen Egunari buruz herriko komunikabideetan eta GOIENAn jasotzeko. Euskara nola bizi duten galdetu die eurei GOIENAk.

-----------------------------------------

Urgain: Euskaraz bizi nahi dut

"Euskara guretzako ama hizkuntza da. Txikitatik jaso izan dugu eta beti ahoan eraman dugu. Etxean, kalean, lagunartean, eskolan… Egunerokotasunean erabiltzen dugu. Badira ez daudenak euskaraz hitz egiten ohituta, eta haiei laguntza eskaintzea ez dago gaizki. Txikitan etorri eta gure artera gerturatu zirenek errazago eskuratu zuten gure euskalkia entzunaren entzunaz. Beste askori, euskara ikastea ere kostatzen zaie; ondorioz nahiz eta asko entzun, zaila egiten zaie euskaraz hitz egiteko ahalmena lortzea. Hala ere, badaude euskaldun batzuk, gaztelaniaz egiten dutenak eta honek, euskaldun askori bihotzeko zein belarriko mina egiten digu. Barruan amorrua eta egonezina sortzen digu, gure hizkuntza txikiaren ordez, beste handiago eta galtzeko arriskurik ez dutenak entzutean. Gure ustez euskarak botere berezi bat ematen digu beste hizkuntzek ematen ez dutena. Gure hizkuntza berezia da eta horregatik bere alde lan egiten jarraituko dugu".

(Argazkian: Alazne Unzurrunzaga, Uxue Ugalde eta Arantzazu Regueiro.  2. DBHkoak)

-------------------------

Elkar Hezi: Ikuspegi zabaletik ekintza zehatzetara

"Eskola komunitateak euskararen alde sutsuki lan egiten du aspalditik: Ulibarri programa, Euskara Batzordea, Euskeria Ixuketan ekimena eta proiektuaren bitartez lan eginez; beti ere, herrigintza helburu izanik. Aurten ere, Batxilergoko lehenengo mailakook, Oñatin 2011n egindako  kale neurketak aztertu, eta  Gu gazteok ikerketaren egile den Jone Miren Hernandezi egindako elkarrizketa ere irakurri dugu.  Honen harira, eskolan euskararen erabileraren inguruko diagnostiko-ikerketatxoa jarri dugu abian. Ondorioak esku artean, Batxilergoko bigarren mailakoekin partekatu dira. Horien ikasturte honetako apustua handiagoa da: Euskeria Ixuketan. Orain, aisialdirako guneetarako, euskarazko ekoizpenak bilduz, eskura jartzeko lanean dabiltza. Laster jakingo duzue zer den! Gu Euskararen eguneko ekintzatan parte-hartze zuzena izatera goaz, Tanttakaren Muxua-ko antzezleak elkarrizketatuz".

(Argazkian: Maria Ardions, Ander Arrizabalaga eta Ander Bikuña)

--------------

Txantxiku ikastola: Euskara, gazteon bizitzaren oinarri?

"Oñati leku pribilegiatua da euskararen erabilerari dagokionez eta uste dugu euskara dela ikasleen artean gehien erabiltzen den hizkuntza, herriko euskalkian gainera. Gure iritziz, bakoitzak bere errealitatea du atzean (familiaren euskaltzaletasuna, jatorria, harremanak… ) eta txikitatik dakigun zerbait beti da gogoko eta maitatua. Hala ere, teknologia berrietatik eta komunikabideetatik dator gaztelaniara jotzeko arrisku handiena eta beharrezkoa izango da etorkizunean eremu hauetan euskarak bere espazio propioa izatea, eremu hauen eragina gazteengan gero eta handiagoa delako. Gazteok euskararekiko joera izatea nahi badugu, ziur gaude euskaldun kontzientziatuok horretan eragin handia dugula eta euskara gero eta gehiago erabiltzeko jokabidea hartzea guztiaren giltza dela. Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik".

(Argazkian: Txantxiku Ikastola TTAK ikasleen euskara taldea)

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak