Azaroaren 25a, egubakoitza, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta, hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dira. Horietako bat da El florido pensil-neskak izeneko antzezlana, egubakoitzean bertan 22:30ean Santa Ana antzokian eskainiko dena, Ttanttaka taldearen eskutik. Obra hau 1970eko hamarkadan girotuta dago, zeinetan emakumeak diren zenbait ikaslek jasaten duten errepresioa azaleratzen den. "Emakumeok garai hartan izan genuen heziketa da lanaren ardatza. Jakina da gizonezkoek eta emakumeek ez zutela heziketa bera izaten. Umeak mundura ekartzeko besterik ez ginen emakumeok garai hartan", adierazi du Loli Astoreka antzezleetako batek.
Umore bitartez
Gaineratu du umore bitartez azaldu daitekeela "katarsi" hori, barre egitea "osasungarria" dela nabarmenduta. "Istorioa umorea erabiliz kontatzen dugu eta garai hartan abesten genituen hainbat kantu abesten ditugu, gainera", zehaztu du.
Antzezleek paperak aldatzen dituzte ikuskizunean zehar. "Ni, umea izateaz gain, Doña Jimena irakaslea ere banaiz, Heziketa Fisikoko irakaslea", adierazi du Astorekak.
Berdintasunera bidean
Antzezlan honen bitartez, iragana ez ahaztea eta jendea kontzientziatu gura da. "Garai batean nola bizi izan ginen kontuan hartu eta, aurrera begira, berdintasuneranzko bidea hartu behar dugu", azpimarratu du Astorekak.
Animatzeko deia
Herritarrak antzezlana ikustera gerturatzeko animatu gura izan ditu antzezleak. "Ordu eta erdiko obra da eta ikusleari oso arin pasatzen zaio denbora hori. Hausnarketarako obra izateaz gain, barruak husteko aukera ezin hobea da", dio. Gaineratu du ez direla damutuko. "Orain arte harrera oso ona izan dugu eta Oñatin ere hala izango dela seguru gaude", bukatu du.
Sarrerak 10 eurotan
Dagoeneko sarrerak salgai daude, bibe.me webgunean, 10 eurotan.
Beste ekitaldi batzuk
Egunaren bueltan antolatutako egitarau beraren barruan, gaur, egubakoitza, Oñatin indarkeriaren diagnostikoa hitzaldia izango da, 18:30ean, Euskaldunberri aretoan –Bidebarrieta 18–. Azaroaren 23an, eguaztena, Qué puedo hacer yo para terminar con las violencias machistas hitzaldia, leku berean, Maitena Monroyren eskutik. Azkenik, azaroaren 26an, eguena, mural margoketa izango da, 10:30ean, Gorritxitxiko tunelean.