Udal Gobernuak argitu du etxebizitza hutsei errekargua jarrita "ohiko bizileku ez diren etxebizitzak,beharra duten herritarrendako bizileku bihurtzea" izan dela. Bide batez, Oñatin benetan zenbat etxe huts dauden ezagutu eta etorkizunerako etxebizitza politikak diseinatzeko oinarri egokiak ezartzeko aukera ere eman duela aitortu du.
Neurri horren balorazioa egin du orain Udal Gobernuak eta dio 2016an 2013an baino %25 errekargu gutxiago aplikatu direla. "Ondorioztatu liteke neurri handi batean etxe hutsak alokairura bideratu direla.", azaldu du Udal Gobernuak prentsa ohar bidez.
Gai honi lotuta, hauxe gaineratu du Udal Gobernuak: "Ulertzen dugu, etxebizitza politika, justizia soziala (fiskalitatea) eta ongizate politikekin lerratu behar dela, eta ildo horretan, aipagarria da azken 2 urtetan indarrean dagoen, 30 urte azpiko gazteei zuzenduriko emantzipazio diru laguntza lerroa. Izan ere, jakina da azken urteotako eraikuntza burbuilaren ondorioz, bereziki kaltetua izan den kolektiboa dela gazteena, euren autonomia maila eta garapena kolpatuz. Azken diru laguntza deialdian 23 eskaera jaso dira: 11 emakumezkoak eta 12 gizonezkoak. Eskatzaileen %74 a 25 eta 30 urte bitartekoak izan dira. Poliki poliki, fiskalitatean eragin ez ezik, politika aktiboen bidea emaitzak ematen hasi da, eta urte batzuetan polemikoa eta kritikatua izan den “errekargua” badirudi jada onartutzat ematen dela Oñati eta beste hainbat herrietan. Horren adierazgarri da 2017ko ordenantza fiskala aho batez onartu izana".
Egoera soziodemografikoren aldaketara egokitu beharra ere ikusten du Udal Gobernuak: "Alde horretatik, etorkizunean sortzen diren premien araberako politikak diseinatzea izango da erronka. Bide honetan sakontzen jarraitzeko asmoa du Udal Gobernuak eta agintaldian zehar egitasmo zehatzak jarriko ditugu abian".