Irene Gantxegik bere doktore tesia egin du Deustuko unibertsitatean, eta honela azaltzen du berak: “Euskal Herriko indarkeria politikoari buruzko nobelen irakurketak biktimak aitortzen lagundu dezakeen aztertzen dut”. Tesia bukatu duen arren, Oñatin egingo dituen saioek gai hori sakontzen jarraitzea dute helburu.
Horrela bada, tailerreko partaide bakoitzak egunkari bezalako bat izango du irakurketa prozesuan eta solasaldietan izandako gogoetak bertan idazteko. Horrez gain, Irene Gantxegik grabatu egingo ditu saioak, bertan azaltzen diren iritziak eta gogoetak “aztertu eta esperientzia honetatik ondorioak ateratzeko”.
Biktima desberdinak
Irene Gantxegiren esanetan, “azken 50 urteetan, Euskal Herrian motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, gertatu diren giza eskubideen urraketei buruz istorio desberdinak irakurriko” dituzte partaideek. Guztira bi nobela irakurriko dituzte eta bi saio egingo dituzte nobela bakoitzaz berba egiteko. Saioak euskaraz izango dira. Aukeratutako lehenengo liburua Jokin Muñoz idazlearen Bizia lo izango da. Bigarrena oraindik guztiz zehaztu gabe dago, baina ziurrenik Iban Zalduak idatzitako Gezurrak, Gezurrak, Gezurrak edo Mikel Hernadez Abaitua idazlearen Etorriko haiz nirekin? izango da. Gantxegik honela azaltzen ditu irizpideak: “Luzera garrantzitsua izan da eleberria aukeratzeko orduan. Martutene edo Twist bezalako nobelak oso interesgarriak dira baina bi saiotan lantzeko luzeegiak, beraz, aukeratutakoek ez dituzte 200 orrialde gainditzen. Azkenik, eta garrantzitsuena, nobela hauek biktima desberdinen ikuspuntua jasotzen dute (pertsonaiak jatorri ezberdineko biktimak dira)”.
Ikuspuntu kritikoa
Gantxegiren esanetan, “istorio hauek fikziozkoak izan arren, gizarte honetan gertatutako gertakari ankerren adibide dira, eta nobela hauen irakurketak, biktimek jasandako minaren dimentsiora hurbilduz, indarkeria ikuspuntu kritiko batetik aztertzen lagundu dezake. Zentzu honetan, mota honetako literatur irakurketak gaur egun bake kulturaren sustapenerako oso ekarpen garrantzitsua egin dezakeela pentsatzen dut”.