Urriaren 17an adar sendo bat apurtu eta erori zitzaion Foruen plaza ondoan dagoen Gernikako arbolari. Ez ustean erori zen arrama hori. Aurretik beste adar batzuk ere erori izan zaizkio eta arbolaren egoera aztertzea erabaki du Oñatiko Udalak.
Azterketa
Astelehenean etorri zen aditu bat azterketa egitera. Hiriko zuhaiztietan espezializatua da Gabriel Iguiñiz. Oñatiko Udaleko kamioi baten laguntzarekin garabian gora igo eta udal langile batekin batera goiz osoa pasa zuen Iguiñiz-ek haritza aztertzen.
Bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du Iguiñiz-ek hiri eta herrietako zuhaiztiak aztertzen. Arrasateko Arbolapetan urtetan egon zen gaztainondoa kendu ostean berak egin zuen lurraren eta inguruaren azterketa, zuhaitz berria nola landatu aholkatzeko. Italiatik ekarritako haritza jarri zuten gero eta udaberrian bigarren txosten bat egin zuen, haren egoera txarra aztertu ostean.
Oñatiko Gernikako arbolarekin ere gauza bera egingo du. Aztertzen egon da eta txosten baten jasoko ditu arramen erorketaren arrazoiak, zuhaitza bera ze egoeratan dagoen edo arrama batzuk moztu edo kimatu beharra duen, adibidez. Txosten hori Oñatiko Udalari entregatuko dio. Gabriel Iguiñiz-ek, baina, ez du zehaztu noizko bukatuko duen txosten hori. Lan hori eskuetan duela erabakiko du udalak zer egin aurrerantzean adar erorketa gehiago gerta ez daitezen, horrek sor dezakeen arriskua kontuan hartuta, batez ere. Orduan jakingo da itxura ona duen zuhaitzaren osasun egoera ere zein den.
Urteurrena
Foruen plaza ondoan dagoen haritza hesiz inguratuta dago orain, segurtasunagatik. Zapatuetan hor egiten den arropen azoka ere Santa Marinako plazan egingo da harik eta egoerari irtenbide bat topatu eta hesiak kendu arte.
Oñatiko Gernikako arbola 1917an landatu zuten; 2017ko otsailaren 2an beteko ditu 100 urte. Egun horretan ateratako argazkian ikusten den moduan, herritar asko hurbildu ziren tokira landatzea bertatik bertara ikusteko. Herriko bi mutikok sartu zuten lurrean haritza, Jose Mari Gomendiok eta Anjel Ortizek. Aurretik meza egin zuten eta haritza bedeinkatzera joan zen orduko parrokoa, Berezao auzoan jaiotako Ladislao Sagastizabal.