Hiru hilabetez egongo da zerbitzua martxan eta denbora tarte hori proba modukoa izango da aurrerantzean udalak hartuko duen erabakia kontuan hartzeko. "Denbora horretan ikusiko dugu jendeak zenbateraino erabiliko lukeen herribusa eta zer egongo litzatekeen hobetzeko", dio mugikortasun zinegotziak, Irati Etxeberriak. Hasieran proba moduan erabiliko delako, ez dute aparteko lanik egin geltokiak jartzeko, adibidez. "Lurraldebusek Oñatin dituen geltoki guztiak erabiliko dira eta baita Urgain-Errekalderena eta Elkar Hezirena ere. Beste guztiak berriak dira. Saiatu gara batetik bestera ahalik eta distantzia txikiena uzten, dauden aparkaleku plazak mantenduz, herritarrak eroso hel daitezen euren helmugara", zehaztu du Irati Etxeberriak.
San Martin auzoa ez da ibilbidean sartzen eta horrek sortu dituen kritikei erantzunez, hauxe adierazi du mugikortasun zinegotziak: "Pentsatu genuen herribusak herriko punta banatan dauden auzoak elkartu behar zituela eta horrekin batera adinean aurrera doazen herritarrak bizi diren kaleak edo guneak. Bestalde, ordu erdian egiteko moduko ibilbidea jarri gura genuen, autobus bakarra ibil dadin zerbitzua ematen. San Martin sartuz gero ez zen posible denbora muga horretan egitea itzulia eta auzo horretan gazte asko bizi direla ikusita erabaki dugu, oraingoz, behintzat, ibilbidetik kanpo uztea San Martin.
Doan
Autobusak 22 lagunendako tokia du eta mugikortasun arazoak dituztenendako arrapala ere bai. Ordutegiari dagokionez, 07:30etik 21:00etara bitartean ibiliko da astelehenetik egubakoitzera bitartean, eta 09:00etatik 14:00etara zapatuetan. 30 minutuko maiztasuna izango du; erdietan Ugarkaldetik abiatuko da eta orduetan, Kasablankatik.
Bidaia bakoitzaren prezioa izango da euro batekoa, baina bonoak egongo dira; bost euroko txartelarekin hamar bidaia egin ahal izango dira. Txartel horiek autobusean bertan eskatu behar zaizkio gidariari, eurek erabiltzaileen kontrol zehatzagoa izan dezaten. "Hala ere, guztiek ez dute ordaindu behar. 10 urtetik beherako umeek, esaterako, doan erabili ahal izango dute herribusa. Oraindik bakarrik ibiltzeko txikiak direla iruditzen zaigu eta eskolatik etxerako bidaia egunean bizpahiru aldiz egiteak gastua handitu dezakeela ulertzen dugu. Bestalde, urritasunen bat duen bidaiariaren laguntzaileak ere ez du ordaindu behar izango. Lurraldebuseko bidaietan ere horrela da", dio Etxeberriak. Leintz garraio enpresak emango du zerbitzua; 27.000 eurotan esleitu dio udalak.
Bidegurutzea
Herribusaren proiektua hiri-mugikortasun planeko proposamenetatik sortutakoa da eta beste ekimen batzuk ere sartuko dira indarrean urtea bukatu aurretik. Txaketuaneko bidegurutzea, esaterako, zamalanak egiteko bakarrik egongo da zabalik goizean eta gainerako ibilgailuek ezingo dute hortik pasatu; saihesbidetik sartu beharko dira herrira. "Herribusa, aldiz, pasa ahal izango da bidegurutze horretatik", zehaztu du mugikortasun zinegotziak.
Bidegurutze hori ibilgailuendako itxiko dute Atzeko kaleko obrak bukatu eta herriguneko aparkaleku sistema arautua martxan jartzearekin batera. Baina hori noiz izango den ez dago jakiterik oraindik. "Araututako aparkaleku sistema jartzeko makinak urriaren 24rako prest egongo direla esan digute eta ordurako kaleetako plazak margotuta egongo dira, egoiliarrendako zeintzuk izango diren bereizteko. Udazkenean gauzatuko da dena, baina egun zehatzik ezin jakin oraindik", dio Irati Etxeberriak.
Jakin beharrekoak
- Ordu erdiro egongo da herribus zerbitzua; erdietan Ugarkaldetik abiatuko da eta orduetan Kasablankatik. (07:30etik 21:00etara bitartean ibiliko da astelehenetik egubakoitzera bitartean, eta 09:00etatik 14:00etara zapatuetan)
- Bidaia bakoitza da euro bat; hamar bidaia egin daitezkeen bost euroko txartelak eros daitezke autobusean.
- 10 urtetik beherakoek ez dute ordaindu behar; ezta urritasunen bat duen bidaiariaren laguntzaileak ere.
- Autobus bakarra dago: 22 plaza eta arrapala ditu.