Musika, hitzak eta dantzak Xabier Lete aitzakia hartuta

Aitor Agiriano Arrese 2016ko urr. 14a, 10:36
Juan Kruz Igerabide, Juan Biain eta Koldobika Jauregi, 'Arthitz 2' jardunaldien aurkezpenean.

Arthitz 2, Hatsetik hortzera (Hats-Hauts-Hots-Huts) izeneko jardunaldia egingo dute bihar, zapatua, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Xabier Lete eta Izarren hautsa oroituz egun osoko egitaraua antolatu dute Koldobika Jauregi eskultoreak zuzentzen duen Ur Mara museoak, Mikel Laboa Katedrak eta Arantzazu Gaur Fundazioak.

"Iaz oso modu xumean egin genuen, baina, oso gustura geratu ginen. Aurtengoa, Xabier Lete aitzakia hartutakoa izango da. Iazko gaia abstraktuagoa, existentzialagoa zen. Hala ere, Xabier Leteren irudian zentratu dugu, baina, ekimenetarako gaia oso zabalik utzita", azaldu du Juan Kruz Igerabidek, Mikel Laboa Katedrako kideak.

Antzeko gauzen egarriaz

Mikel Laboa Katedrak ikerkuntza egiteaz gainera, zenbait ekintza artistiko bultzatzen ditu, arte diziplina ezberdinak diren arte diziplinak uztartu nahirik. Era berean, Ur Mara elkarteak ere antzeko ekintzak egiten dituela-eta, Arantzazura eraman zuten elkarrekin proposamena. "Antzeko gauzen egarriak bultzatuta elkartu ginen hiru elkarteak. Hasiera baten, Koldobikak asmo zabal bat zuen, Katedral deitzen ziona. Oteizaren ideia batetik abiatuta askotariko arte diziplinak uztartuz, Arantzazun interbentzio bat egin gura zuen. Asmo handi hura aurrera eramateko, baina, aurrekontua oso handia behar zen, eta erabaki genuen proiektua etxekotu eta mugatzea". 

Aurtengoan ere, askotariko arte diziplinatako sortzaileak batuko dituzte, baina, baita Xabier Lete musikariaren inguruko azterketa egiten ari diren ikertzaileak ere. "Mikel Laboari buruzkoa izan zen Katedrak egin zuen lehenengo ikerketa-lana eta orain, Leteri buruzkoa ari gara egiten. Asmoa, poliki-poliki, Ez dok hamahiruko kideen ikerketa egitea da. Leteren ikerketaren ordubeteko laburpena egingo digute, bada, Otaegik eta Gurrutxagak".

Izen handiko sortzaileak

Antolaketa aldetik artisautza lan handia eginda, izen handiko sortzaileak ekarriko dituzte Arantzazura. "Iazkoan ere elkarrekin egon ziren Antton Valverde eta Anjel Lertxundik, oraingoan, gertuko laguna zuten Leteri buruzko hurbilketa artistiko, musikal eta poetikoa eskainiko dute. Joxan Goikoetxea musikariak eta Karlos Linazasorok, Xabier Leteren Lehen Saria irabazi zuen poetak, ere Lete oinarri hartutako poesia musikatu saioa egingo dute.

Egitaraua borobiltzeko, Koldobika Jauregik eskultura bat egingo du musikariek eta abeslariek lagunduta; horien artean dago Marije Ugalde, Bergarako Musika Eskolako zuzendaria: "Donostiako Akordeoi Orkestran ezagutu genuen elkar Susana eta biok. Hilaro Rodeiro, berriz, jazz estiloko eskarmentu handiko bateria-jolea da. Ikuskizunean sei zatitan banatutako bideoa erakutsiko dugu, eta zati bakoitzean musika egongo da. Batzuetan, akordeoia bakarrik, beste batzuetan, perkusioa, abesbatza...", dio Marije Ugaldek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak