Oñatiko jaiak 2016

Francis Diez: "Gu zahartzen goazen heinean, gure jarraitzaileak geroz eta gazteagoak dira"

Mireia Bikuña 2016ko ira. 27a, 11:00

Doctor Deseo bilbotarrek kontzertua egingo dute hilaren 30ean, Foruen plazan, 23:00etan. Igual y diferente. Una mirada distinta delako diskoa oinarri hartuta egingo dute zuzenekoa eta "gogotsu" daudela esan dio GOIENAri Francis Diez abeslariak.

Orain arteko emanaldi guztietan arrakasta itzela izan duzue. Izan areto barruan edo kanpoan.

Egia esan, gure ere harrituta gaude. Aretoetan sarrera guztiak saldu dira eta aire zabalean egiten ditugunetan ere jende asko egon da.

Oñatikoa aire zabalean izanda, nolako emanaldia izango da?
Kantu zerrenda bat daukagu oinarri moduan hartuko duguna. Azken diskoko kantuak izango dira emanaldiaren bizkarrezurra. Horiei, betiko klasikoak gehituko dizkiegu. Adibidez, Abrazame eta Corazon de Tango. Gainera, kantu berezi batzuk ere joko ditugu. Dena den, unean ditugun gogoen araberako errepertorioa egingo dugu. Sentsazioen araberako kontzertua izango da.

Entzuleak zenbateraino eragin dezake kantuen aukeraketan?
Gure ardura da entzuleak erakartzea eta kantuan eta dantzan ipintzea. Eurak gustura badaude, gu hazi egiten gara. [Barre]

Igual y diferente. Una mirada distinta da azken lanaren izena. Zuen begirada ere aldatu da?
Musikalki eta kantuen letratan begirada ezberdina erabili dugu. Beste begirada bat. Beti ere, Doctor Deseok beti izan duen bideari jarraituz, baina ukitu, begirada ezberdinekin.

Musikak eta zineak bat egiten dute azken diskoan.
Portadan antzematen da zinearekiko lotura. Louise Brooks aktorea dago. Hollywooden nazkatu eta Europara alde egin zuena. La caja de Pandora eta Diario de una mujer perdida pelikulak egin zituen. Hortik abiatuta, kantu bakoitzak zerikusia dauka pelikula batekin eta baita arlo femeninoarekin ere.

Akaso, begirada ezberdina erabili duzue azken diskoan, baina letrek bikainak izaten jarraitzen dute.
Musika eta letrak eskutik doaz. Kantuak nik ezagutzen dudan ikuspuntu batetik idazten ditut. Ezagutzen dudan terrenoan mugitzen naiz. Baina ez naiz egoista, eta nik idazten ditudan kantuak, niretako dira, baina, baita besteendako ere. Kantuetan kontatzen dena edonori gerta dakioke. Egunerokotasuneko egoerak dira.

Ia 30 urte pasa dira Doctor Deseo delako diskoa kaleratu zenutenetik. Zein unetan zaudete?
Gogotsu, eta fisikoki indartsu gaudela esango nuke. Ardo onaren moduan, hobetzen goaz urteekin. Hamabost disko egin ditugu, eta azkenak aurrekoak baino oihartzun handiagoa izan du. Hori luxu bat da musika munduan. Gainera, gure zaleen adina nola aldatzen den ikusteko aukera izan dugu. Gu zahartzen goazen heinean, gure zaleak gaztetzen doaz. Umeak eta nerabeak datoz kontzertuetara. Kantuak buruz dakizkite, eta hori ikustea plazera da guretako. Elkarren artean ikasi egiten dugu. Aberastu egiten gara.

Euskaraz abesten entzungo zaituztete?
Bai, euskaraz abestuko dugu. 30 urteetan egindako disko guztietan euskarazko kantu bat sartu dugu. Gure hizkuntza euskara da. Ni, tamalez, berandu hasi nintzen euskararekin, eta ez daukat hitz egiteko gaitasun handia. Baina, euskaraz kantatzea atsegin dut. Nire ama euskal hiztuna da.
Bestalde, urriaren 2an Bergaran egingo Kilometroetan 45 minutuko emanaldia egingo dugu, euskaraz. Kantu guztiak euskaraz izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak