Aizkorri mendi kuttuna da euskaldunendako, eta asko dira lantzean behin bertaraino igotzea gustuko duten debagoiendarrak. Debagoiendar horien artean daude bertako babeslekua txukuntzeko auzolana antolatu duten mendiko korrikalariak.
Sare sozialetan eskegitako argazki batekin hasi zen guztia, eta beraiek espero baino gehiago zabaldu da. Argazkian ikusten zen gaur egun nola dagoen babeslekua barrutik, zikinkeriaz eta ahuntzen gorotzez beteta. "Dena dago zikin, arropak aldatzeko tokirik ere dago", azaldu du David Davilak, ekimenaren bultzatzaileetako batek.
Domekan, gora
Hori dela eta, domekan, hilak 25, babeslekua garbitzera igotzeko irteera antolatu dute, eta herritarrei dei egin diete parte hartu dezaten. 07:00etan elkartuko dira Arantzazun, Sindika inguruan, eta handik gorantza abiatuko dira. Materiala Urbiaraino kotxez igoko dute, horretarako baimena lortu dute eta, baina handik gora eskuz eraman beharko dituzte palak, pintura poteak eta beharrezko gauza guztiak.
Norbaitek materiala lagatzen edota material hori eskuratzen diruz lagundu nahi badu ere, laguntza hori "ongi etorria" izango dela adierazi du Jose Mari Anduaga bergararrak.
Auzolanera joateko edo bestelako ekarpenen bat egiteko aizkorribizirik@hotmail.comera idatzi daiteke. 20 pertsona baino gehiago apuntatu dira honezkero.
Oraingoan, gehienbat "garbitu eta margotu" egingo dutela azaldu dute. Horrez gain, baina, atearen kanpoaldean animaliak barrura ez pasatzeko dagoen burdinezko saretaren azpialdea hustu eta ondo jarriko dute, ahuntzak ez daitezen sartu.
Ate berri baten beharra
Babeslekuko atea egoera txarrean dago, "bere lekutik aterata". Hain zuzen, atea zabalik egoteak eragiten du ahuntzak bertara sartzea eta barrualdea zikintzea. Hori dela eta, atea aldatzeko beharra ikusten dute auzolanaren antolatzaileek.
Honezkero egin dute berba Zegamako Udalarekin, eta beraien laguntza eskaini diete arlo honetan. Dena den, hori beste egun batean egin beharko dute. Oñatiko Udalarekin ere jarri dira kontaktuan eta "laguntzeko asmoa" erakutsi diete.