Uztaileko asteburuetan filmatu zen 2057, Odisea bat kanposantuan, Oñatin, eta profil eta adin askotako herritarrek parte hartu zuten; besteak beste, 40 laguneko lan talde teknikoa, 80 aktore eta 100 figurante. Kepa Aranburu izan da zuzendaria, eta Xabi Elortza, ekoizlea.
Zapatuan bi emanaldi izan ziren: 20:00etan, parte-hartzaileendako, eta 22:00etan, publiko orokorrarendako. Sarrerak agortu zirenez, jakinekoa zen Santa Ana antzokia bete egingo zela, eta halaxe izan zen.
Orain 13 urteko film laburreko bi protagonistak, Arthur Mann eta Isam, txikitan elkar nola ezagutu zuten, orduko bizipenak eta ogitarteko lehiaketarako nola prestatu ziren azaltzen du honako film luzeak (ordu eta laurden inguru irauten du). Film laburra honako filmaren beste zati bat da; eta hirugarren zati bat ere badauka, 2057. urtean girotuta (lehiaketa 2003. urtean izan zen). Hirugarren atal hori sorpresa izan zen ikusleendako.
Patxi Hipolitori eskainia
Filma hasi aurretik, zuzendaria eta lau aktore protagonistak igo ziren taula gainera eta aurkezpen labur bat egin zuten. Filma Patxi Hipolito zenari eskainita dagoela esan zuen Aranburuk. Ikusleen txaloak izan ziren aurkezpenaren harira, eta baita, noski, filma bukatutakoan.
Aurkezpena, San Miguel egunean
Herriko jaietan beste emanaldi bat izango da; zehazki, txosna gunean erakutsiko dute filma San Miguel egunean, hilaren 29an, aurkezpen ofizialean.