Urbiako fondan egin zuten ogitarteko lehiaketa baten gaineko kontakizuna jaso zuen lehenengo zatiak. Oraingoan, berriz, lehiaketako parte hartzaile batek eta haren entrenatzaileak elkar nola ezagutu zuten da istorioaren abiapuntu eta argumentu nagusi. "Ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko gara, nola ez, baina profil eta adin ezberdinetako herritarrak batu eta elkarrekin lanean ondo pasatzea dugu, bereziki, helburu. Aurreko esperientzia oso ona izan zen; oso oroitzapen onak ditugu, eta horrek bultzatu gaitu bigarren honetan murgiltzera", azaldu dute 2057 Odisea bat kanposantuan film laburreko lantaldeko kideek.
80 aktore eta 100 figurante
Talde teknikoa eta artistikoa osatuta dute; hamar lantaldetan daude banatuta. Talde bakoitza dagokion alorrean egin beharreko lanei azken ukituak ematen ari da dagoeneko; eta hala behar du izan, uztailaren 6an dute-eta grabatzen hasteko data jarrita.
Hala ere, filmeko hainbat sekuentziatan parte hartu gura dutenentzako tokia dutela diote. "Arraza, adin eta profil ezberdinetako herritarrak behar ditugu uztailaren 8ko arratsalderako. Hurrengo goizerako, berriz, herri-bilera bat irudikatzeko kideak behar ditugu. Uztailaren 30ean,, lehiaketako publikoa antzezteko lagunak behar ditugu. Horrez gainera, 6 eta 7 urte bitartean dituzten haurrak ere behar ditugu uztailaren 16an eta 24an grabatuko ditugun beste sekuentzia batzuetarako. Parte hartu gura duenak, bada, idatz dezala lehenbailehen figurazioa@gmail.com helbidera. Izena emateko ez da ezinbestekoa aurrez horrelako lanak egindakoa izatea. Eskatzen dugun bakarra da gogoa, pazientzia eta baiezkoari eusteko konpromisoa".