Oñatiko jaietako egitaraua ia erabat lotuta dago

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko uzt. 27a, 08:45

Kultura etxeko sarreran daude azalak ikusgai (Argazkia: Kontzejupetik)

Bi hilabete barru ospatuko dira San Migel eta Errosario jaiak Oñatin baina abuztua tarteko, egitarauko ia ekintza guztiak daude lotuta dagoeneko. Aurten festa egun denak jarraian izango dira eta horrek ekarri du aldaketarik. Nobedadeak ere badaude. Azal lehiaketara aurkeztu diren lanen erakusketa, bestalde, zabalik dago kultura etxean.

Irailaren 28tik urriaren 3ra bitarteko egunak festa egunak izango dira Oñatin. San Migel eta Errosario jaiak jarraian dira aurten eta horrek aldaketak ekarri ditu jaien egitarauan. Esaterako, bertso saioa Herri Egun bezperan izan ohi da beti baina aurten San Migel biharamuna da egun hori eta hortaz bertso saioa urriaren 7an egitea erabaki dute.

Txosna gunea irailaren 24an zabalduko da, Egun Morearekin. Haurren danborrada ere egun horretan egingo da eta baita atsolorra ere. "Jaiak segidan izateak gauza batzuk aurreratzea ekarri du eta horietako bat da atsolorra. Jaioberriei jaietako zapia jartzen diegu lepoan eta jaien hasieran egin beharreko ekitaldia dela ulertzen dugu", dio Nerea Zubiak, kultura zinegotziak.

Umeendako menua

Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa irailaren 25ean izango da eta aurten txosna bat egongo da; antolatzaileek eurek kudeatuko dute. Herri Eguneko talo tabernaz Oñatiko ezker abertzalea arduratuko da (eskaera bakarra jaso da) eta herri bazkaria catering-eko enpresak zerbitzatuko du, inor ez da aurkeztu-eta lan horretarako. Aurten, gainera, umeendako menua egongo da. "Nagusiendako patatak txorizoarekin eta herriko abereen okela egongo da jateko eta umeendako arroza eta herriko okelarekin egindako hanburgesak. Barazki-jaleendako edo zeliakoendako menuak ere egongo dira, aurrez eskatuz gero", argitu du Zubiak.

Musika eskaintzari dagokionez, Atzeko kalean (MUko ikasle batzuek kudeatuko dute hango txosna) eta Foruen plazan egongo dira agertokiak. Baita txosna gunean ere. "Udalaren eta txosna gunearen eskaintzak egitarau bakarrean joango dira aurten ere eta hori zehaztea eta adostea falta zaigu", dio Zubiak.

Gazteen Eguna ere egingo da aurten baina non izango den eta zer egongo den erabaki gabe dute oraindik; irailaren hasieran egingo dute hori. Haurren Eguna, bestalde, irailaren 18an izango da.

Azalak

Jaiei lotuta, egitarauaren azal lehiaketara aurkeztu diren lanak ikusgai daude kultura etxeko sarreran. Nagusien mailan hamahiru lan aurkeztu dituzte eta umeenean, bi. Epaimahaiak aukeratu du azal irabazlea eta aurkeztu diren beste lanen artean 200 txantxi lortuko ditu herritarren boto gehien jasotzen dituenak. Gaur, martitzena, da azken eguna iritzia emateko. Lan hauek dira hautagaiak:

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak