Datak, iraupena eta tokiak zehaztuta dituzue, ezta?
Bai. Hiru asteko irteera izango da, gutxi gorabehera: irailaren 23an aterako eta urriaren 16an bueltatuko gara.
Nora joango zarete?
Everesteko magalean ibiliko gara. Nepal Lagunduz elkartea sortu zenetik 6.500 euro inguru batu ditugu eta kopuru handi bat erabili dugu bi egitasmo martxan jartzeko: Chaurikharka herriko etxeak konpontzeko zati bat eta Edurne Pasaban buru den elkarte batek duen Dhola herriko proiektu baterako beste bat. Zeharkaldi honetan bi herri horiek ere bisitatuko ditugu eta ikusiko dugu guk bidalitako dirua nola eta zertarako erabili duten. Argazkiak eta irudiak hartuko ditugu, bueltan gatozenean Oñatin erakusteko.
Elkartasun trekkinga da.
Bai. Espedizioko kide bakoitzak 20 bat kilo eramango ditu motxilan, baina lortu dugu beste 24 kilo ere eraman ahal izatea, eta batzen ari garen arropak eta botikak hango herritarrei eramateko erabiliko ditugu kilo estra horiek. Gure bidaiak, bestalde, lana emango die hango zamaketariei eta ostalariei, adibidez.
Nola egingo duzue banaketa?
Aztertzeko dugu oraindik. Modu bat da herrietako agintariekin egitea eta bestea herritarrei ematea, zuzenean.
Zenbat zoazte?
Zortzi lagunek eman dute izena baina beste bizpahiru lagunendako tokia ere badago; hamabi laguneko taldea egokia izango litzateke. Etorri gura duena garaiz dago oraindik izena emateko: info@herriaketamendiak.eus.
Ze kostu du bidaiak?
Hemendik harako hegaldiaz gain, 1.900 euro. Hor sartzen dira zamaketa lanak eta hiru asteko egonaldia mantenu osoan, adibidez.
Ondo ezagutzen duzu zuk Nepal.
Bai. 3.000 metrotik gorako etxebizitzak harrizkoak dira baina 1.500 eta 3.000 metro artean daudenak oso sakabanatuta daude, paraje menditsuak dira eta zailagoa da laguntza hara iristea.