Anbulantzian joango dira Mongoliaraino Sergio Gil eta Sergio Lopez oñatiarrak

Oihana Elortza 2016ko uzt. 1a, 10:15

Sergio Gil eta Sergio Lopez, anbulantziarekin.

Urritasunak dituzten umeen eskola bateko arduradunei emango diete ibilgailua. Uztailaren 23an aterako dira eta hilabete iraungo du elkartasun bidaiak.

Behin baino gehiagotan bidaiatu dute elkarrekin Sergio Gil eta Sergio Lopez oñatiarrek eta duela bi urte Marokora egindako bidaian pentsatu zuten bidaia luze bat egin behar zutela. Bien lanbideak eta egutegiak tarteko, aurtengo udan egingo dute.

Bidaia luzea izango zela bai, baina elkartasun oporrak izango zirela ere argi zuten biek. "Nepalera joatea pentsatu genuen hasieran, baina urrutiegi zegoen guretako. Hala, Interneten begira hasi ginen eta Durangoko La Otra Mirada gobernuz kanpoko erakundeak Mongolian duen proiektu bat ikusi eta gustatu zitzaigun. Eta horrela hasi ginen Mongolia Helburu proiektua antolatzen", dio, irribarrez, Sergio Gilek.

25 ume

"Urritasunak dituzten umeak ez dituzte eskolara eramaten han, eta elkarte honek ospitale zahar bat konpondu eta egokitu zuen ume horiek hartzeko", azaldu du Sergio Gilek.

Eskola zabalik dago, baina behar handiak dituzte, eta horretan laguntzeko bidaia izango da Gilek eta Lopezek egingo dutena. "Ume horiek makuluak behar dituzte, gurpil aulkiak eta ibiltzen laguntzeko barra asimetrikoak, adibidez. Eguneroko bizimoduan lagungarri izango zaizkien tresnak eramatea da gure asmoa, eta horiek lortzen ari gara biok", dio Gilek. Eta pozik daude orain arteko lanarekin. Anbulantzia bat ere lortu dute. "Legez, ibilgailu horiek ezin dute ohiko zerbitzua eman behin hamar urte pasata, eta, duela hilabete inguru, hamar urte bete dituen anbulantzia bat lortu dugu. Urnietako Ambulancias Gipuzkoa enpresak eman digu eta oso pozik gaude".

Oñatitik Ulan Bator-erako bidaia anbulantzia batean egingo dute bi oñatiarrek eta ibilgailu hori gidatu ahal izateko paperak egiten ibili dira azken egunetan Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzan. "Horrelako ibilgailuek normalean izaten dituzten tresna guztiak ere eramango ditugu, baita ohatila ere. Mongoliako hiriburutik, Ulan Batortik, 40 kilometrora dagoen Nalaikin herrian dago eskola, eta hango arduradunei utziko diegu, beste tresna guztiekin batera. Hegazkinean egingo dugu etxerako bidaia", argitu du Sergio Gilek.

Berogailua

Egun, berogailurik ez dute Mongoliako eskola horretan, eta berokuntza sistema bat jartzen laguntzea ere bada Gilen eta Lopezen asmoa. Diruarekin lagunduko dute horretan. www.destinomongolia.com atarian crowdfunding bat zuten eta gaur amaitu da. Hala ere, atzo iritsi ziren zehaztutako kantitatera. "Eskumuturrekoak, kamisetak eta pegatinak ere baditugu salgai, dirua lortzeko. Horrez gain, enpresa eta erakunde ezberdinekin jarri gara harremanetan, publizitatearen truke diru sarrera bat izateko. Batutakoa eskolan beroa izan dezaten galdara bat erosteko eta kolokatzeko erabiliko da, eta proiektu horren ardura dutenen kideei emango diegu. Egun, 25 ume daude eskola horretan, baina 100era iristeko obrak ere egin gura dituzte, eta horretarako ere erabiliko dute batutakoa. Oso eskertuta gaude bai tresnak bai dirua eman dizkigutenei", argitu du Sergio Gilek.

11.000 kilometro

Uztailaren 23an aterako dira Oñatitik. Gil bakarrik abiatuko da eta Lopez jasoko du bidean, Baqueira Beret ondoko herri batean bizi baita, Vielhan. 11.000 kilometroko bidaia egingo dute eta hamaika herrialde ezberdinetatik igaroko dira, Europa osoa zeharkatuta. "Asmoa da egunean 800 kilometro inguru egitea. Baina hori aldatu daiteke, ez dakigu Europatik kanpo zer-nolako errepideak dauden eta. Moskun egun bateko atsedena hartuko dugu, hiria ezagutzeko, eta Kazakhstan-en beste bat. Asmoa da helmugara abuztuaren 19an iristea eta 24ra arte ingurua ikusten eta hangoekin berba egiten eta proiektua gertutik ezagutzen ibiltzea".

Kanpin-denda eramango dute lo egiteko eta tarteka ostatu edo norbanakoen etxeetan pasako dute gaua, "dutxatu eta hobeto atseden hartzeko". Sare sozialen bitartez bidaiaren jarraipena egin gura dute. Euren logean idatziko dituzte eguneroko pasadizoak eta argazkiak ere zintzilikatuko dituzte. Twitterren (@DestinoMng) eta Facebooken ere ireki dute kontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak