Turismoak Euskadin gora egin duela eta Oñati herri turistikoa izanik, bisitariak "herrira errazago sartzeko" bideak proposatzen ditu Jon Kepa Gerrikagoitia zinegotzi jeltzaleak, "bisitariek geldialdi laburra" egiten dutelako Oñatin eta herriko merkataritzan eta ostalaritzan "eragin dezaten".
"Horretarako, ikus-entzunezko baliabideak eta seinaleztapen egokiak uztartzen dituzten ibilbide turistikoak diseinatu behar dira. Ibilbide horiekin, bisitariak errazago sartuko dira Oñatira, gure herriak eskainitako aukera turistikoez gozatuko dute, eta, garrantzitsuena, bisita horiek gastua egingo dute herriko merkataritzan eta ostalaritzan. Izan ere, turismo horrek dirua utziko herrian", dio Gerrikagoitiak bidali duen prentsa oharrean.
Dio udal-kudeatzaileek hartu behar dutela lidergoa turismoa errentagarria eta jasangarria izan dadin Oñatin eta gehitu du: "elkarlan publiko-pribatuak baino ez du lortuko Oñatiko saltokietan ibiliko diren bisitari andana ekartzea".
Hori egiteko, kudeaketan eskumena dutenen arteko "elkarlana indartzea beharrezkoa" ikusten du Gerrikagoitiak: "(Oñatiko udala, Mankomunitatea, Aldundiko Turismo Zuzendaritza, Basquetour) eta kanal anitzeko sinergiak bilatzea (azoketara joatea, sare sozialetan egotea, promoziorako webguneetan agertzea…). Era berean, garrantzitsua da Basquetourreko marketing-plana aintzat hartu, eta honako eragile hauen eskaintza konbinatzen duen produktu turistiko esperientziala diseinatzea: bidai-agentziak, ostatuak, ostalaritza, Oñatiko Turismo Agentzia. Helburua, Euskadira heltzen diren bisitariak, gero eta zorrotzagoak eta nazioartekoagoak, Oñatira erakartzea da".