Kuboko haurrek euren proposamenak aurkeztu dituzte 2017ko aurrekontuetarako, Oñatiko pleno aretoan

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 17a, 18:09
Haurrak eta udaletxeko zenbait ordezkari, pleno aretoan.

8 eta 12 urte bitarteko haurrek udabalbatza osatu dute gaztelekuko kuboan. Zozketa baten bitartez, alkatea eta zinegotziak aukeratu zituzten duela hilabete batzuk, eta proposamenak batzen joan dira, arloka.

Oñatiko udalak, herriko haurren iritzia kontuan hartzeko helburuarekin, egitasmo bat jarri zuen martxan. Egitasmo horren baitan, haurrek udalbatza sortu eta 2017. urterako aurrekontuetarako proposamenak egin dituzte.

Ikastetxeetan eta gaztelekuko kuboan aritu dira proposamen hauek lantzen eta Ainhoa Anduagak eta Iñigo Goikoetxeak egin dituzte koordinatzaile lanak. "Duela bi asteburu jasotako proposamen guztien lehentasun zerrenda bat egin genuen. Horrela, haur bakoitzak nahiago zuena bozkatu zuen eta bozka horien arabera, arlo bakoitzetik hiru proposamen nagusi atera dituzte", adierazi du Ainhoa Anduaga koordinatzaileetako batek.

Balorazio positiboa egin du Anduagak. "Gustura gaude egitasmoak izan duen bilakaerarekin. Haurrak ere gogotsu ibili dira, beraiendako egindako zerbait zela ikusten zutelako. Beraz, oso pozik gaude", nabarmendu du.

Azkenik, haurrek euren proposamenak kontuan hartzeko eskatu dio udalari eta Nerea Zubia kultura zinegotziak, udalaren izenean, proposamen hauek aztertzeko konpromisoa hartu du.

Hauek izan dira egin dituzten proposamen nagusiak, arloka:

-Kirola: Atletismoko pista jartzea, pistinan txirristak jartzea eta futbol zelai bat gehiago egitea.

-Haur eta gazteria: negurako jolas gehiago antolatzea herrian, plazako pilotalekua argiztatzea eta gaztelekuko kuboan X-Box kontsola jartzea.

-Berdintasuna: Diru-laguntzak ematea txiroei, aldapa mekanikoak jartzea elbarrituentzat eta Guardia Zibilek herritik alde egitea.

-Kultura: Tirolin jartzea, zinea jartzea eta Oñatiko jaietan barrakak merkeago jartzea.

-Hirigintza eta zerbitzuak: kuboko ordutegia zabaltzea, ur-parke bat eraikitzea herrian eta olaitturrin koxerik ez sartzea.

-Euskara eta hezkuntza: Euskarazko ikastaro gehiago jartzea, arreta zerbitzuak euskaraz zein gaztelaniaz bermatuta egotea eta etorkinei euskara irakastea.

Ingurumen arloko ordezkariek ezin izan dute udaletxean egon, eta euren proposamenak falta dira.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak