Helburua da "ahalik eta modu zabalenean Afrika gizarteari ikusarazi eta gerturaraztea", antolatzaileen esanetan.
Aurtengo antolatutako ekintzen abiapuntuak entzutea, ikustea, ezagutzea eta partekatzea dira. Modu honetan, antolatzaileen hitzetan, "hain gertu eta, aldi berean, hain urruti dagoen kontinente hau ezagutu ahalko dugu, eta Europa eta Afrika artean dagoen desberdintasun-egoera aldatzeko borondatea duen kontzientzia soziala areagotu". Hain zuzen, bi film emanaldi, tertulia bat, argazki erakusketa eta kontzertua izango dira aurten.
Bi film emango dituzte
Zine afrikarrak hartuko du jardunaldiaren lehen zatia. Lehenengo, 12 minutuko Taharuki filma emango dute, AEBek eta Keniak ekoiztua. Keniako etnia desberdineko gizon eta emakume baten fikziozko kontakizuna da. Jatorri desberdina izan arren, biek askapen mugimendu klandestino batean parte hartzen dute inguruko haurren trafikoa azaleratzeko asmoarekin.
Segidan, Cold harbour emango dute, Hego Afrikako 2014ko ekoizpena. Sizwe auzo-polizia, Lurmutur Hiriko trafikanteen banden arteko biolentzia ikertzen ari den bitartean, beste polizia batzuen arteko korrupzio kasu batean murgilduko da. Horren ondoren, Cold harbour filmaren zuzendariak, Carey McKenziek, eta Beatriz Leal adituak berriketaldia gidatuko dute.
Kora izeneko harpa
Bazkariaren ondoren (izen emate epea maiatzaren 31n bukatu zen), Alfons Rodriguez kazetariak 40 argazkiz osatutako erakusketaren bisita gidatua egingo du. Bukatzeko, Eneko Larrañaga musikari zestoarraren Enekora taldeak Afrikako kora izeneko harpan oinarritutako kontzertua eskainiko du, erritmo deigarriek eta zuzenean nahasturiko proiekzio bisual originalek osatuta.