Hamabi boxeolari igoko dira domekan Zubikoako ringera

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 20a, 10:00
Ixa Rodriguez, entrenatzen.

Ia 40 urte pasa dira Oñatin azken boxeo jaialdia antolatu zutenetik –1978an izan zen azkena–. Domekan, ostera, Zubikoako ringera 12 boxeolari igoko dira eskularruak jantzi eta ikuskizuna eskaintzera, emakumezkoak denak. Eta sasoi baten egiten zuten moduan, motorrak berotzen joateko borrokaldiak baino ordu batzuk lehenago (16:30ean), Txaketua tabernaren kanpoaldean pisatzea egingo dute.

Hala, 19:00etan hasiko duten jaialdian –aste barruan Txaketuan eta Indar gimnasioan egon dira sarrerak salgai, baina egunean bertan Zubikoan ere salduko dituzte, 12 eurotan–, guztira, sei borrokaldi egingo dituzte, pisu ezberdinetakoak, eta Espainiako hainbat boxeolari erreferente etorriko dira, euskaldunekin batera lehiatzera. Hasiera batean zazpi borrokaldi egin behar zituzten, baina etxeko ordezkari bat lesionatu egin da, eta guztira sei izango dira: 48 kilotan Jessica Salazar (Bilboko Lopabox klubekoa) eta Virginia Domínguez (Madrid) izango dira aurrez aurre; 52 kilotan Zaira Corchero (Lopabox) eta Nahia Moyano (Erandioko Uppercut); 53 kilotan, Ixa Rodríguez (Soraluze, Lopabox) eta Paloma Ramos (Madrid) lehiatuko dira; 60 kilotan Violeta Gonzalez (Lopabox) eta Laura Reollo (Madrid); 58 kilotan, Estefi Segura eta Oihane Cuesta, biak Neko Gym gimnasiokoak (Bizkaia); eta azkenik,  66 kilotan, Patricia Yubero (Lopabox) eta Eva Perez (Madrid).

Lau round, bi minutukoak
Zubikoako sei borrokaldietako bakoitzak lau round izango ditu, eta round bakoitzak bi minutuko iraupena. Hala, borrokaldiak normalean puntuetara erabakitzen dituzte, eta profesionaletan bai, baina amateur kategorian aurrez aurrekoak ez dituzte KOra –knock-out– erabakitzen. Ixa Rodriguezek GOIENAri aitortu moduan, gizonezkoen boxeoa errazagoa da: "Emakumezkoetan baino jo gehiago dago eta horrek jende gehiago erakartzen du. Hala ere, emakumezkoen boxeoa teknikoagoa da, garbiagoa eta politagoa".

Azken egun hauek, urduri
Ixa Rodriguezendako Oñatiko borrokaldia ez da bat gehiago izango. Jaialdi mordoa ditu bizkarrean, baina gertuko asko izango ditu etzi zain: "Urduritzen hasita nago, egia esan", dio barrez. "Egin beharreko lanak eginda daude, eta ea jaialdi polita egiten dugun. Gainera, maila oso oneko borrokalariak datoz. Etxekoekin batera Madrildik beste bost boxeolari izango dira-eta".
Azken urtean pisua irabazi du Soraluzekoak, iaz 48 kilo azpikoen kategorian irabazi zuen Espainiako Txapelketa, eta aurten txapela defendatzera joango da, baina 53 kiloko mailan hartuko du esku –uztailean izango da Espainiako Txapelketa, Galizian–: "Orain kontrarioek nik baino indar handiagoa izaten dute, alde horretatik abantaila daukate, baina lehenago neukan abiadurari eutsi egin diot nik, eta horrekin egiten diet aurre", dio. Hala, uztaila baino lehenago hainbat borrokalditan hartuko du esku Lopabox taldeko ordezkariak.   

Boxeoa Oñatin ere zabaltzen
Kirol jarduera hori Oñatin hedatzeko lanean dabil Rodriguez, eta ez bakarrik domekako jaialdian parte hartuko duelako, izan ere, boxeo eskolak ematen ditu Indar gimnasioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak