Auto elektrikoak ekarri ditu Udalak, erabilera aztertzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mai. 19a, 14:32

Paketeak eta merkatarien enkarguak banatzea edo turistak eta adinekoak garraiatzea lirateke funtzioak. Sei hilabete iraungo duen azterketa bat hasi du udalak funtzio horretarako errentagarriak eta bideragarriak diren jakiteko.

Nik&Go izenez ezagutzen den ibilgailu elektrikoaren azterketa egiten ari da Oñatiko Udala. Pertsonak garraiatzeko ereduak lau lagunendako tokia du eta herriko kaleetan ikus daiteke, adibidez, egun hauetan.

Fagor Ederlanetik etorritako proposamen baten harira ari da egiten azterketa hau Oñatiko Udala. 11.000 laguneko herri batean ibilgailu elektrikoak errentagarriak eta bideragarriak direla dioen proiektu bat egin du Fagor Ederlanek eta Oñatira ekarri du Udalak; azterketa batek erakutsiko du hori horrela den edo ez, eta zergatik.

Berez, bi helburuetarako erabiliko lirateke auto elektriko hauek Oñatin. "Funtzio bat litzateke paketeak dagokionari entregatzeko erabiltzea. Mezularitza-zerbitzuan lana egiten duten askok diote azken kilometroan sortzen zaizkiela arazo gehien, eta hori saihesteko aukera bat litzateke hau. Adibidez, pakete denak biltegi batean bildu eta handik egin banaketa. Bestalde, herriko merkatariek ere erabiltzeko modukoak lirateke, euren enkarguak bezeroei etxera eramateko", azaldu du Irati Etxeberriak, udaleko sozioekonomia batzordeburuak. Ibilgailu elektriko hauen bigarren funtzioa pertsonen garraioa izango litzateke. "Aukera bat da turisten eskura jartzea. Ibilgailu hauek tablet bat dute eta hor sartu daiteke herri barruko ibilaldi bat; eraikinetara heltzen direnean programak berak emango die horren gaineko informazioa. Bestetik, adinekoen egoitzako egoiliarrek herrira jaisteko ere balio dezakete, adibidez", gaineratu du Etxeberriak.

Sei hilabete

Azterketa egiten Oñatiko gazte bat ari da, Europatik etorritako beka bati esker. Egun hauetan herriko ostalaritzan lanean dihardutenekin ari da hitz egiten eta herriko merkatariendako galdetegia ere prest du. "Txandako lehendakariarekin ere egongo naiz, enkarguak etxera eramateko edo arropak bezeroari probatzeko etxera eramateko aukera egotea zer iruditzen zaien jakiteko", dio azterketa egiten ari den Iñaki Madinabeitia gazteak.

Madinabeitiaren esanetan horrelako ibilgailu eredu ezberdinak daude eta azterketak emandako emaitzen arabera modu batekoak edo bestekoak izan daitezke gero erabiliko direnak. "Egun hauetan herrian ikus daitekeena, esaterako, lau lagunendako da. 100 kilometroko autonomia du eta zortzi ordu behar ditu bateria kargatzeko. Proba egin dut eta Usakotik buelta ondo egiten du", dio Madinabeitiak.

Urte bukaerarako egongo da prest azterketa. "Orduan ikusiko da negozio linea hauek bideragarriak diren edo ez eta izanez gero nola formulatu aurrera eraman ahal izateko", azaldu du sozioekonomia batzordeburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak