Belatza tirokatu izana salatu du Oñatiko Naturazaliak taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mai. 6a, 13:29

San Martinen zaurituta topatu zuten belatza tirokatua izan zen eta ekintza hori salatu du Oñatiko Naturazaliak elkarteak. Igeldoko Arrano etxera eraman zuten osatu eta askatzeko, baina hil egin da. Belatz handia (Falco peregrinus) espezie babestua da. Albiste barruan dago taldeak bidali duen salaketa gutuna.

BELATZ HANDIA TIROKATUTA OÑATIN

"Pasa den astean belatz handi bat agertu zen zaurituta Oñatiko San Martin hariztiaren inguruan. Horrelako kasuetan ohiko denez, Igeldoko Arrano etxera eraman zuten, aztertu eta ahal izanez gero osatu eta ondoren askatzeko asmoz. Zoritxarrez laster hil zen, gorputzean perdigoi ugari baitzituen, egun gutxi batzuk lehenago jasotako tiro baten ondorioz.

Azpimarratu behar da batetik ez dela ehiza garaia, eta bestetik belatz handia (Falco peregrinus) espezie babestua dela (bakana edo arraro moduan jasota EAEko Babestutako Espezien Zerrendan). Beraz, itxura guztiz, intentzio osoz botatako tiroa izan da. Eskopeta bakarrik ehiza garaian erabil daiteke, udazken-negu partean, eta bakarrik espezie ehizagarriak botatzeko  (usoa, oilagorra, birigarroa...). Baina norbaitek ez zuen asko maite belatz hau eta tiroz botatzea erabaki du; bejondeiola!

Oñatiko naturzaleok, beste oñatiar asko bezala, San Martin, Murgia eta Berezao aldetik paseatzen ibiltzen gara eta askotan ikusi izan dugu belatzen bat edo bi inguru horietan hegazka eta oihuka. Gauza ederra da belatz handia ehizan ikustea; hegazti azkarrena dela esan ohi da, ia 400 km/h abiadura hartzen baitu. Faltan botako dugu hilda agertu den belatz eme hau. Ale ederra zen, tamaina politekoa eta ohikoa ez den bular laranja kolorekoa.

Oñatiko mendietan belatz handi bikote bakarren batzuk umatzen dute urtero-urtero. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, bai Araba aldean, bai Gipuzkoan ikus edo entzun daitezke bikote batzuk, batez ere orain, umatze garaian. Dagoeneko belatz txitak jaio dira eta gurasoak jo eta ke ari dira ehizan txitei jaten emateko. Eme hau hilda, bere bikotea ahaleginduko da txitak aurrera ateratzen (2-4 txita oro har). Oraindik garai hotza da eta arrak ezingo ditu berotu txitak, ehizan aritu beharko baita.

Belatz handiak  batez ere usoak, birigarroak eta txoritxoak ehizatzen ditu. Eta herri eta hirietan ere ikusten da bertako hegaztien atzetik. Ehiztari aparta izan arren askotan huts egiten du bere saiakeretan. Txitei jaten emateaz gain, hauei ehizatzen erakutsi behar die. Ez du lan makala! Zaila izango da kumaldia aurrera ateratzea eta litekeena da kume guztiak hiltzea.

Azkenik esan Babestutako Espezie bat akabatzea delitua izan daitekeela eta zentzu horretan 2014an Donostian belatz handi bat tirokatu zuen gizon bat zigortua izan dela. Oñatiko kasuan ez da erraza izango tirogilea aurkitzea, nahiz eta basozain zein ertzainak saiatuko diren. Ikas dezagun zer dugun gure etxe inguruan!"

Erlazionatuak

Donostiara eraman dute zauritutako belatza

Oihana Elorza Gorostiza 2016 api 27 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak